Tradizioak min

Ilea oso laburra du Gido Arbotek. Inguruan eserita dauzkan lagunak ere kaskamotzak dira, bere moduko neska nerabeak gehienak. Buru biluzia harrixka koloretsuekin dute apaindua. Urrats batzuk harago, arbolape berean eserita
dauden emakumeek, aldiz, lepoa bera ere estaltzen dieten adatsak dauzkate. Buruko ilearen luzera beste zerbaiten erakusle da arbore etniako emakumeen artean. Neska gazteek ezin dute ilea luzatzen utzi, harik eta organo genitalak mozten dizkieten arte.

Horrela hasten da Berria egunkariko Igandea gehigarrirako egindako erreportajea. Hemen eta hemen irakur daiteke osorik.

Ongota hizkuntzaren agonia

Munduan etengabe ari dira hizkuntzak hiltzen. Unescok arriskuan diren hizkuntzen atlasa egin ohi du, eta azken atlasaren arabera, 2200 hizkuntza baino gehiago daude hiltzeko arriskuan. Bi astean behin hizkuntza bat hiltzen da.

Arrisku bizian dagoen hizkuntza horietako bat da ongota. Etiopia hegoaldean bizi da ongota komunitatea. Berez 120 pertsonako gizataldea da, baina soilik zazpik eusten diote hizkuntzari.

Euskadi Irratiko Faktoria saiorako egindako erreportajea.

Geda, zazpi ongota hiztunetako bat

Somaliland Politis aldizkarian

Somaliland-i buruzko erreportajea atera du aste honetan Frantziako Politis aldizkariak. Jean Sebastian Mora kazetariak idatzi du erreportajea. Elkarrekin izan ginen Somalilanden. Paperezko alean nire argazki bat argitaratu dute (azpikoa), eta bion argazkiekin diaporama osatu dute Politis-en webgunean.  Hemen ikus daiteke.

Emakume eta haurrak bainua hartzen Barberan

Somaliland: Hogei urte bidea eginez (II)

Independentzia aldarrikatu zutenetik hogei urte pasa dira aste honetan. Gerra zibilak eragindako hondamenditik altxatzea lortu dute, eta herrialde egonkorra eta baketsua izatea ere bai. Somaliland, ordea, nazioarteak ez du estatu bezala aitortu, eta horrexen zain segitzen dute.

Euskadi Irratiko Amarauna saiorako egindako erreportajea.

Somaliland: Hogei urte bidea eginez (I)

Hogei urte dira gaur Somalilandek independentzia aldarrikatu zuela. Somaliaren menpeko lurralde izateari utzi zion orduan, eta azken urteotan nahikoa herrialde egonkorra eta baketsua izatea lortu du. Batez ere, etengabeko gerra egoeran bizi den Somaliarekin konparatuz gero.

Herrialde bezala funtzionatzen du Somalilandek. Gobernu, txanpon, pasaporte eta armada propioak ditu, esaterako. Baina nazioarteak ez du estatu bezala errekonozitu.

Independentziaren 20. urteurrena, ospakizuna izateaz gain, nazioartearen aitortza eskatzeko erreibindikazio egun ere bihurtuko dute somalilandarrek.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.


Lurra alokagai, herritarrak gose

3 milioi hektareako landa eremua dauka Etiopiako gobernuak errentan emateko. Neurria hobeto ulertzeko esanda: nafarroa halako hiru, errentan emateko.

Gehientsuena esleitu berri die atzerriko nekazaritza multinazionalei. India, Txina eta Saudi Arabiako korporazioak gehienak. Enpresa hauek soroak prestatzen hasi dira, eta noski, honek ondorio zuzenak ditu bertako herritarrengan. Nekazari asko lurrik gabe geratu dira, eta artzainak berriz, euren artaldeentzako larrerik gabe.

Ez da hori ekimenaren kontraesan bakarra. Laborantzarako emankorra den lurra alokatzen ari den Etiopiak, iaz 700 mila tona elikagai jaso zituen giza laguntza moduan.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Bortxaketa “zuzentzaileak”

Hegoafrikan bortxaketa “zuzentzaile” deiturikoen kasuak gero eta ugariago dira. Gizon taldeek lesbianak bortxatzen dituzte, euren joera sexuala zuzentzeko argudioarekin.

Basakeria honen azken biktima 13 urteko neskato bat izan da. Pasa den hilean, 24 urteko emakume bat harrika hil zuten, bortxatu ondoren.

Hegoafrikako gobernuak talde berezi bat sortu du  gay eta lesbianen aurkako gorroto erasoak ikertzeko, eta gehiago gerta ez daitezen neurri eraginkorrak hartzeko.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Eskolako bidea ikasiz

Saharaz azpiko Afrikan gero eta eskolatutako haur gehiago dago. Unesco-k argitara eman berri duen txostenaren arabera, gobernuek urtetik urtera hazi egin dute hezkuntza sistemara bideratutako aurrekontua, eta hori emaitza oso onak ari da ematen. 2000 urtean 89 milioi haur ziren lehen hezkuntzan, 2008an berriz,129 milioi ikasle. Ikasle kopurua bakarrik ez, Unesco-ren arabera hezkuntzaren kalitatea ere  hobetu egin da Afrikan.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.