Lurra alokagai, herritarrak gose

3 milioi hektareako landa eremua dauka Etiopiako gobernuak errentan emateko. Neurria hobeto ulertzeko esanda: nafarroa halako hiru, errentan emateko.

Gehientsuena esleitu berri die atzerriko nekazaritza multinazionalei. India, Txina eta Saudi Arabiako korporazioak gehienak. Enpresa hauek soroak prestatzen hasi dira, eta noski, honek ondorio zuzenak ditu bertako herritarrengan. Nekazari asko lurrik gabe geratu dira, eta artzainak berriz, euren artaldeentzako larrerik gabe.

Ez da hori ekimenaren kontraesan bakarra. Laborantzarako emankorra den lurra alokatzen ari den Etiopiak, iaz 700 mila tona elikagai jaso zituen giza laguntza moduan.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Kaffako fruitua

Ahuntzak zalapartaka eta jostari ikusi zituen Kaldik. Harrituta zegoen ahuntzaina bere abereen portaerarekin, eta euren joan-etorriak gertutik jarraitzen hasi zen poztasunaren iturburua zein zen jakiteko. Berehala konturatu zen inguruko arbolatxo batzuetako fruitu gorrixkak jan ondoren hasten zirela ahuntzak saltari.

Heldu gabeko kafe aleak arbolan

Ahuntzainak berak ere fruituok probatzea erabaki zuen, beregan antzeko eraginik ote zuten jakiteko. Dastatu zituen, eta berehala sentitu zuen berak ere bizitasuna. Kementsu ageri zen, eta lotarako batere gogorik gabe.

Kristo ondorengo V. mendea zen, eta ordurako Etiopian kristautasuna sartua zegoen. Ahuntzainak inguruko monasterio bateko abadeari eman nahi izan zion bere aurkikuntzaren berri. Abadeak, ordea, ez zion ahuntzainari harrera onik egin. Deabruaren kontuak zirela esanez, sutara bota zuen ahuntzainaren kafe adartxoa.

Kafe aleak txigortzen

Garretan aleak nola kiskaltzen ziren begira ari zirela, usain berezia zabaldu zen. Usain ederra zen eta abadeak ez zuen bere zakarkeria konpondu beste erremediorik izan. Aleak sutatik atera eta infusioa egin zuen haiekin. Deabruaren kontua izatetik, berehala pasa zen Kaldiren aurkikuntza jainkoaren oparia izatera. Kaffako monjeei ederki etorri zitzaien ahuntzainaren aurkikuntza, gaueko errezo ordu luzeetan esna irauteko.

Etiopiakoa da jatorriz kafea. Kaldi ahuntzainaren eta abadearen kondairak azaltzen du nola aurkitu zuten. Bertsio eta ñabardura ugari dituen kondaira ederra da.

Mendeak erruz igaro dira, baina Kaldiren aurkikuntza oraindik ere estimatzen dute etiopiarrek. Buna, hala deitzen diote kafeari, zeharo txertatuta dago egunerokoan. Goiz, eguerdi eta iluntzean, loa galtzeko beldurrik gabe edaten dute.

Kafe zeremonia, pazientziaz, mimoz eta arretaz egiten den errituala da. Lehenengo kafe aleak txigortu. Ikatzezko txingarraren gainean jartzen dute ontzia, aleen kolorea apurka apurka iluntzen denera arte. Ahuntzaina eta abadea orain 15 mende liluratu zituen usain berdinak gozatzen ditu zeremoniako parte hartzaileak.

Almaizean kafea xehatzen

Aleak txigortutakoan, eta sutan ura berotu bitartean, almaizean kafea xehatzeko momentua da. Pazientziaz egin beharreko lana da hau, hauts marroi xehea lortu arte.

Ura berotutakoan kafea bertara bota behar da, eta denbora utzi behar zaio infusioa behar bezala egin dadin. Ez da iragazkirik erabiltzen, denborak bere tokia jartzen baitu dena, baita kafe hautsa ere, pitxarraren hondoan.

Prozesu guztia, egoki prestatutako eszenatokian egiten da. Lurrean belar freskoa edo hosto berdeak egoten dira, eta edalontziak neurri bereziko mahaitxoaren gainean jartzen dira, banaka banaka garbitu ondoren. Mahai horren bueltan, aulki txikietan eserita, kafea edango dutenak.

Edateko unean, kafearen usain gozoari beste gehigarri bat ere jartzen diote Etiopian: intsentsua. Ikatzaren gainean jarritako intsentsu harritxoek segituan ateratzen dute ingurua lausotzen duen ke usaintsua.

Negesti kafea prestatzen

Kafea kikarara bota aurretik azukrea jartzen dute hondoan. Dezente, gozotasunik falta ez dadin. Zerbitzatu, Euskal Herrian sagardoaren antzera, goitik egin behar da, kikararen eta pitxarraren artean, gutxienez, metro erdiko distantzia utziz. Bits gozoa ateratzen zaio, hartara, kafeari. Kafearekin batera dastatzeko krispetak ateratzen dituzte alboan, azukrearekin gozatuta hauek ere.

Etiopiako etxe gehienetan mendeetan egindako errituala da kafe zeremonia hau, bizilagunen arteko hizketaldi luzeetarako aitzakia eman izan duena. Gaur egun, ordea, gero eta bakanagoak dira errituala egin ahal dezaketenak. Kafearen prezioak etiopiar asko buna edan ezinda utzi ditu.

Munduko kafe ekoizle eta esportatzaile handienetakoa da Etiopia.  Uztaldi bakoitzean 190.000 tona kafe esportatzen ditu. 15 milioi etiopiar, era batera edo bestera, kafe produkzioaren katean aritzen dira lanean. Soroan gehienak, baina baita banaketa eta salmentan ere.

Merkatua, ordea, multinazional bakan batzuek dute kontrolatua. Lau enpresa handiren artean (Kraft, Nestle, Proctor and Gamble eta Sarah Lee) banatzen dituzte negozioaren etekinak. Eurek ezartzen dituzte merkatuko baldintzak, eta ondorioz, kafearen prezioa. Gobernuak saiakeraren bat egin du prezioak kontrolpean izateko, baina eraginkortasun handirik ez du orain arte lortu.

Khad landarea, Afrikako anfetamina

Etiopiako nekazari ugarik ezin dute kafe produkziotik bizi, enpresa hauek uztagatik ordaintzen dietena hutsaren hurrengoa delako. Kafea lantzeari utzi diote askok, eta khat izeneko landarea hazten dute orain. Etiopian eta inguruko herrialdeetan legezkoa den narkotikoa da, txiklea bezala murtxikatzen dena. Europara ere esportatzen dute landarea, nahiz eta han legez kanpokoa izan. Landare hau salduz bizirautea lortzen dute nekazariek, eta kafea landuz ez.

Kafe soroa Etiopia hegoaldean

Korporazio multinazionalen soroak, berriz, gero eta hedatuago daude Etiopiako lurretan. Inguruko herritarrek bizitoki berriak topatu behar izan dituzte, euren etxeak zeuden arboladiak bota, eta soroak egin dituztelako han. Bakar batzuei eman diete lana enpresa hauek, baina egun osoko soroko lanagatik xentimo bakan batzuk ordainduz.

Buna maite duten etiopiar askok, bien bitartean, euren herrialdean sortzen den fruituaren usain eta zaporea, Kaldi ahuntzainaren aurkikuntza, dastatu ezinda segitzen dute, edo nahi luketena baino gutxiagotan gozatuz.