Akwaaba Obruni! Hello Obibini!

Hegazkinetik jaistearekin batera esan dit Kingsley-k: “Hemen jendeak Obruni deituko dizu. Ez gaizki hartu, ez da ezer despektiboa, horrela esaten zaie gizon zuriei. Obruni esanez agurtzen bazaituzte, agurtu zuk Obibini esanez!”.

Kingsley, bere etxean

Kingsley Basuglo izan da orain arte Ghanan izan dudan lotura bakarrenetakoa. Couchsurfing sarearen bidez ezagututako mutila, freelance bezala aritzen dena, nazioartetik boluntarioak ekartzeko fundazioa duena… Laguntza eskaini dit iritsi aurretik, bisatua lortzeko gonbidapen gutuna idatziz eta hainbat informazio eskainiz. Lehenengo egunak, gainera, bere etxean igaroko ditut, eta gero topatuko dut ondorengo asteetarako aterpea.

Kofi lagunarekin batera etorri dira aireportura. Taxiarekin berak negoziatu du prezioa, Obruni bati bikoitza eskatuko lioketela argudiatuz.

Hizketan egin dugu bere auzorakoa, North Kaneshirako bidea. Begiak, ordea, leihotik kanpora izan ditut uneoro, dena iruditzen baitzait ikusgarria, denak ematen dit arreta.

Auzunera heldu garenean, taxitik salto egin eta Kofik motxila eskuetatik kendu dit, pisu handiena berari dagokiola aditzera emanez. Kingsley edateko ur bila joan da, beroa itzela baita.

Etxe zaharra da, solairu bakarrekoa, paretak adreiluz eta zementuz egindakoak dira eta teilatua txapazkoa. Argindarra badute, baina urik ez. Ontzi handi batzuetan ekartzen dute auzoko iturritik eta bidoi handi batean gordetzen dute. Etxearen aurrealdean, adreiluz egindako bi lauki modukotan, komuna eta dutxa. Paretak bazterretan, zuloa lurrean eta zerua gainean.


Basuglotarren etxeko ataria

Basuglotarren etxeko ataria

Lehen begiratuan, lau gune ditu etxeak, lau logela moduko.  Segituan konturatu naiz toki gutxian jende asko bizi dela. Hamar anai arreba dira guztira, bi alaba zaharrenak ezkonduta daude eta senarren etxeetan bizi dira. Etxe honetan bizi den alabetako batek alabatxo bat du. Guztira, ia dozena bat lagun 60 metro koadro baino gehiago izango ez dituen teilapean.

Etxeko atarian lo egiten dute bi mutikok, eltxoetatik babesteko sarea gainean jarrita. Beste bik etxaurrean dagoen egurrezko txabolan.

Etxeko ataria da sukaldea, eta etxeko ataria da jantokia.

Anai zaharrena izanda, logela bat du beretzat Kingsleyk, eta bertan lo egin dugu biok. Dozena bat metro koadroko logela, esponjazko koltxoi pare bat lurrean, eta mahaitxo baten gainean bere trasteak: kolonia, anbientadorea, ordenagailu eramangarria, hainbat pultsera eta eraztun, eta egunkaritik moztutako zatiz betetako karpeta zimurra.

Ezin dut ukatu Kingsleyren bizigunea bestela irudikatua nuenik. Aurrez aurre ezagutu aurretik, eta jakinda freelance-a dela eta fundazio bat daramala aurrera, auzune txukunagoan imajinatzen nuen eta erosotasun gehiagoko etxean.

Konturatu naiz aurrera ateratzeko direnak eta bi egiten dituen mutil azkarra dela, eta horretarako testu bat idatzi eta nonbaiten “saldu” ahal badu, hala egiten duela, eta nazioarteko boluntario bakan batzuk erakarri ahal baditu, eta haiengandik irabaziren bat atera, ba horixe egiten duela. Bere burua “businessman” bezala definitu du lagun baten aurrean.

North Kaneshie

North Kaneshie

Nire egonaldirako tratua ere proposatu dit Kingsleyk. Bera etxez aldatu nahian dabil, bere kabuz bizitzen hasteko irrikaz.  Begiz jota dauka nora joan eta traturako baldintzak ere jarrita: hilean 30 Cedi (15 euro) kobratuko diote alokairua, baina bi urteko errenta aurrez ordaindu behar du. Ia gehientsuena lortua du, baino 250 Cedi inguru falta zaizkio errenta hori osatzeko.

Bere eskaintza da nik ordaintzea diru hori, eta hemen nagoen hilabeteetan berekin batera bizitzea. Berak hirian gidari lanak egingo dizkit.

Bestelako aterpetxeren baten bila hasiz gero bi hilabetetan dezente gehiago ordaindu beharko dudala esan dit, eta aldiz bere “apartamenduan” egonda, merke aterako zaidala egotaldia.

Boteprontoan sentsazio kontrajarriak eragin dizkit proposamenak. Batetik pentsatu dut Obruni batek ia urtebeteko errenta ordaintzea nahi duela Obibini kabroi honek! Baina aldi berean pentsatu dut, aukera polita izan litekeela bertakoekin batera bizitzeko, eta gainera ostatu bat baino merkeago aterako zaidala.

Tokia ikustera joan gara. Bi logela dira, beraz, bakoitzak bere espazioa izango du. Hemengo batez bestekorako txukuna da tokia, baina hutsik dago erabat. Ez dago ez altzaririk, ez sukalderik, ez ezer. Dozena erdi bat etxek konpartitzen duten komun-zuloa, atarian. Ura ateratzeko iturria gertu dago, ate aurrean.

Berehalako erabakirik ez dut hartu nahi, eta hala adierazi diot Kingsleyri. Baina uste dut nire barruan ia erabakita dagoela beste aterperen bat topatuko dudala. Bi dira horretarako arrazoiak: Bata, nahiz eta mendebaldar pijo baten sentsazio desatseginarekin diodan hau, erosotasun apur batzuk gehiago nahi ditut. Komun garbixeagoa, ohea, ahal dela ura duen aterpea… Ez nago astebeteko safarian, denbora dezente egin behar dut hemen.

Beste arrazoia, Kinsgley nirekin atsegina izan arren, nire kabuz ibiltzen ikasi nahi dudala. Bera beti dago prest nirekin batera eta bestera ibiltzeko, niri bidea irekitzeko. Martxora arte zeregin hoberik ez duela esan dit.  Baina horrek eragotzi egiten dit, askotan, nondik nora nabilen jakitea.

Darkuman-eko logela

Darkuman-eko logela

Beste ostatu batzuen bila hasi nahi dudala esan diot Kingsleyri, eta esan diot bestelako zerbait topatu nahi dudala. Ondo hartu du berak, ulertzen duela ere esan dit, nahiz sumatzen diodan desengainu puntu bat.

Berak lagundu dit ostatu bila. Lehenengo bi gauak Kinsleyren etxean igaro ondoren, batera eta bestera ibili gara, eta azkenean, Darkuman auzoan jarri naiz bizitzen. Luxurik gabeko logela txukuna, haizagailu bat sabaian, sukaldea erabiltzeko eskubidea, eta komun konpartitua dutxa eta guzti. Hau izango da, hasiera honetan behintzat, Afrika beltzeko nire etxea.

Afrika beltzetik…

Honaino ekarri nauen hegazkinean kolore ugari ikusi ditut. Jantzi koloretsuek begietara salto egin didate, eta hitz jario geldiezinek giroa aztoratu dute.

Afrikara nator. Afrikara heldu naiz. Abentura berri baten hasiera da hau, aspaldian pentsatu, amestu eta prestatutako bizi esperientzia baten hasiera.

Egia esan, Afrikarekiko lotura eta grina nondik nora datorkidan ez dakit. Agian lehenago egindako bisita laburrek gogotsu utzi naute, agian gure auzoan hainbeste ugaritu diren eta lagunartean agertu diren larru beltzeko pertsonek kuriositatea piztu didate, agian Kapuscinski handiaren Ebano hark liluratu ninduen, agian hain kontinente handia eta koloretsua izan eta inon haren berririk apenas ikusteak bultzatu nau. Ziurrenik agian denak izan du zerikusia.

Bidea hasita dago. Ghanan  egin nahi nituzke lehenengo hilabeteak. Gero, Etiopiara joatekotan naiz. Batekoak eta bestekoak ikusi eta topatu nahi ditut. Eta bidean topatzen dudan hori kontatu egin nahi dut. Zer kontatua ugari izango dela iruditzen zait. Blog hau izango da kontaketa horientzat leihoetako bat. Dagoeneko leihora gerturatu denari, niri jada behin baino gehiagotan esan didatena: Akwaaba! Ongi Etorri!