Ongota hizkuntzaren agonia

Munduan etengabe ari dira hizkuntzak hiltzen. Unescok arriskuan diren hizkuntzen atlasa egin ohi du, eta azken atlasaren arabera, 2200 hizkuntza baino gehiago daude hiltzeko arriskuan. Bi astean behin hizkuntza bat hiltzen da.

Arrisku bizian dagoen hizkuntza horietako bat da ongota. Etiopia hegoaldean bizi da ongota komunitatea. Berez 120 pertsonako gizataldea da, baina soilik zazpik eusten diote hizkuntzari.

Euskadi Irratiko Faktoria saiorako egindako erreportajea.

Geda, zazpi ongota hiztunetako bat

Lurra alokagai, herritarrak gose

3 milioi hektareako landa eremua dauka Etiopiako gobernuak errentan emateko. Neurria hobeto ulertzeko esanda: nafarroa halako hiru, errentan emateko.

Gehientsuena esleitu berri die atzerriko nekazaritza multinazionalei. India, Txina eta Saudi Arabiako korporazioak gehienak. Enpresa hauek soroak prestatzen hasi dira, eta noski, honek ondorio zuzenak ditu bertako herritarrengan. Nekazari asko lurrik gabe geratu dira, eta artzainak berriz, euren artaldeentzako larrerik gabe.

Ez da hori ekimenaren kontraesan bakarra. Laborantzarako emankorra den lurra alokatzen ari den Etiopiak, iaz 700 mila tona elikagai jaso zituen giza laguntza moduan.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Kaffako fruitua

Ahuntzak zalapartaka eta jostari ikusi zituen Kaldik. Harrituta zegoen ahuntzaina bere abereen portaerarekin, eta euren joan-etorriak gertutik jarraitzen hasi zen poztasunaren iturburua zein zen jakiteko. Berehala konturatu zen inguruko arbolatxo batzuetako fruitu gorrixkak jan ondoren hasten zirela ahuntzak saltari.

Heldu gabeko kafe aleak arbolan

Ahuntzainak berak ere fruituok probatzea erabaki zuen, beregan antzeko eraginik ote zuten jakiteko. Dastatu zituen, eta berehala sentitu zuen berak ere bizitasuna. Kementsu ageri zen, eta lotarako batere gogorik gabe.

Kristo ondorengo V. mendea zen, eta ordurako Etiopian kristautasuna sartua zegoen. Ahuntzainak inguruko monasterio bateko abadeari eman nahi izan zion bere aurkikuntzaren berri. Abadeak, ordea, ez zion ahuntzainari harrera onik egin. Deabruaren kontuak zirela esanez, sutara bota zuen ahuntzainaren kafe adartxoa.

Kafe aleak txigortzen

Garretan aleak nola kiskaltzen ziren begira ari zirela, usain berezia zabaldu zen. Usain ederra zen eta abadeak ez zuen bere zakarkeria konpondu beste erremediorik izan. Aleak sutatik atera eta infusioa egin zuen haiekin. Deabruaren kontua izatetik, berehala pasa zen Kaldiren aurkikuntza jainkoaren oparia izatera. Kaffako monjeei ederki etorri zitzaien ahuntzainaren aurkikuntza, gaueko errezo ordu luzeetan esna irauteko.

Etiopiakoa da jatorriz kafea. Kaldi ahuntzainaren eta abadearen kondairak azaltzen du nola aurkitu zuten. Bertsio eta ñabardura ugari dituen kondaira ederra da.

Mendeak erruz igaro dira, baina Kaldiren aurkikuntza oraindik ere estimatzen dute etiopiarrek. Buna, hala deitzen diote kafeari, zeharo txertatuta dago egunerokoan. Goiz, eguerdi eta iluntzean, loa galtzeko beldurrik gabe edaten dute.

Kafe zeremonia, pazientziaz, mimoz eta arretaz egiten den errituala da. Lehenengo kafe aleak txigortu. Ikatzezko txingarraren gainean jartzen dute ontzia, aleen kolorea apurka apurka iluntzen denera arte. Ahuntzaina eta abadea orain 15 mende liluratu zituen usain berdinak gozatzen ditu zeremoniako parte hartzaileak.

Almaizean kafea xehatzen

Aleak txigortutakoan, eta sutan ura berotu bitartean, almaizean kafea xehatzeko momentua da. Pazientziaz egin beharreko lana da hau, hauts marroi xehea lortu arte.

Ura berotutakoan kafea bertara bota behar da, eta denbora utzi behar zaio infusioa behar bezala egin dadin. Ez da iragazkirik erabiltzen, denborak bere tokia jartzen baitu dena, baita kafe hautsa ere, pitxarraren hondoan.

Prozesu guztia, egoki prestatutako eszenatokian egiten da. Lurrean belar freskoa edo hosto berdeak egoten dira, eta edalontziak neurri bereziko mahaitxoaren gainean jartzen dira, banaka banaka garbitu ondoren. Mahai horren bueltan, aulki txikietan eserita, kafea edango dutenak.

Edateko unean, kafearen usain gozoari beste gehigarri bat ere jartzen diote Etiopian: intsentsua. Ikatzaren gainean jarritako intsentsu harritxoek segituan ateratzen dute ingurua lausotzen duen ke usaintsua.

Negesti kafea prestatzen

Kafea kikarara bota aurretik azukrea jartzen dute hondoan. Dezente, gozotasunik falta ez dadin. Zerbitzatu, Euskal Herrian sagardoaren antzera, goitik egin behar da, kikararen eta pitxarraren artean, gutxienez, metro erdiko distantzia utziz. Bits gozoa ateratzen zaio, hartara, kafeari. Kafearekin batera dastatzeko krispetak ateratzen dituzte alboan, azukrearekin gozatuta hauek ere.

Etiopiako etxe gehienetan mendeetan egindako errituala da kafe zeremonia hau, bizilagunen arteko hizketaldi luzeetarako aitzakia eman izan duena. Gaur egun, ordea, gero eta bakanagoak dira errituala egin ahal dezaketenak. Kafearen prezioak etiopiar asko buna edan ezinda utzi ditu.

Munduko kafe ekoizle eta esportatzaile handienetakoa da Etiopia.  Uztaldi bakoitzean 190.000 tona kafe esportatzen ditu. 15 milioi etiopiar, era batera edo bestera, kafe produkzioaren katean aritzen dira lanean. Soroan gehienak, baina baita banaketa eta salmentan ere.

Merkatua, ordea, multinazional bakan batzuek dute kontrolatua. Lau enpresa handiren artean (Kraft, Nestle, Proctor and Gamble eta Sarah Lee) banatzen dituzte negozioaren etekinak. Eurek ezartzen dituzte merkatuko baldintzak, eta ondorioz, kafearen prezioa. Gobernuak saiakeraren bat egin du prezioak kontrolpean izateko, baina eraginkortasun handirik ez du orain arte lortu.

Khad landarea, Afrikako anfetamina

Etiopiako nekazari ugarik ezin dute kafe produkziotik bizi, enpresa hauek uztagatik ordaintzen dietena hutsaren hurrengoa delako. Kafea lantzeari utzi diote askok, eta khat izeneko landarea hazten dute orain. Etiopian eta inguruko herrialdeetan legezkoa den narkotikoa da, txiklea bezala murtxikatzen dena. Europara ere esportatzen dute landarea, nahiz eta han legez kanpokoa izan. Landare hau salduz bizirautea lortzen dute nekazariek, eta kafea landuz ez.

Kafe soroa Etiopia hegoaldean

Korporazio multinazionalen soroak, berriz, gero eta hedatuago daude Etiopiako lurretan. Inguruko herritarrek bizitoki berriak topatu behar izan dituzte, euren etxeak zeuden arboladiak bota, eta soroak egin dituztelako han. Bakar batzuei eman diete lana enpresa hauek, baina egun osoko soroko lanagatik xentimo bakan batzuk ordainduz.

Buna maite duten etiopiar askok, bien bitartean, euren herrialdean sortzen den fruituaren usain eta zaporea, Kaldi ahuntzainaren aurkikuntza, dastatu ezinda segitzen dute, edo nahi luketena baino gutxiagotan gozatuz.

Bere burua ezagutzen ez duen gizona

Kale kantoi batean dago, denetik saltzen duten dendatxo bateko paretaren kontra, atseden hartzen. Etiopia iparraldeko gizon gehienek bezalaxe makila bat du eskuartean, dula, eta haren gainean ditu atsedenean besoak.

Ez dakit bere izenik. Adinik ere ez. Itxuragatik nekazaria dela esango nuke. Argazki bat atera nahi nioke, eta horretarako baimena eskatu diot. Kamera erakutsi diodanean baiezkoa erantzun dit buruarekin.

Orain arte ateratako argazkien artean kuttunenetakoa da gizon honi ateratakoa. Begirada xaloa eta gardena duela iruditzen zait. Ziurrenik, izaera apalaren isla.

Ateratako erretratua berari erakutsi nahi izan diot. Lehenengo segundoetan ez du ezer esan. Gero, aatzamar erakuslearekin kameraren pantailatxoa ukituz, zerbait esan die inguruan zituenei. Denak barre algaraka hasi dira. Berak ez ditu barreak ulertu.

Alboan dagoen mutil batek azaldu dit egoera: “Pantailan ageri den gizonak bere moduko buruko painelua duela dio”.

Berriz ere gosea

Afrika eta gosea, zoritxarrez, berriz ere elkarri eskutik helduta datoz.
Ezohiko lehortea eragin du La Niña fenomenoak Afrikako adarrean. Horrek uztak alperrik galdu ditu, eta abereak larrerik gabe utzi ditu.
Etiopian soilik, 2 milioi pertsona kanpotik iristen den giza laguntzari esker ari dira jaten uneotan.
Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Bide bazterrekoak

Etiopiarrak kamino bazterrean bizi dira. Horretaz konturatu naiz Addis Abebatik irten eta bideari ekin orduko. Jende lerrokada itzelak ageri dira bide bazterrean, batera eta bestera.

Bide bazterrekoak

Addis Abebatik irtendakoan oso bestelako herrialdea topatu dut. Esana zidaten hiriburua ez dela herrialdearen isla, eta neure begiez ikusi ahal izan dut hori.
Autobusa berandu irten da, baina hori ez da nobedadea. Goizaldeko bost eta erdietan zen, berez, irtetekoa. Zortziak aurretxora arte, ordea, ez da agertu. Zain geunden jende piloa asentatu eta bideari ekin diogunerako, beste ordubete behar izan da.

Haurrak, gizonak, andreak… Bide bazterrak gainezka daude goizean goizetik. Euretako askok bidoi huts bat daramate eskuan. Kontrako norabidean doazenek, berriz, bizkarrean daramate bidoia, betea. Bidoi horia da.

Bidoi ilara herriko iturrian

Ura daramate barruan. Jendeak, egunak, orduak eta bizitza ere ematen baitu hemen, uraren peskizan. Auzoko iturririk ekartzen dute batzuetan, eta iturririk ez dagoen tokietan errekatik hartzen dute. Erreka lehortuta dagoenean, berriz, kamio zisterna batek ekartzen du ura beste nonbaitetik. Gertuan dute batzuek likido preziatua, baina bide bazterrean ageri diren gehienek kilometroak egin behar izaten dituzte ur bila, edateko, kozinarako edo garbitzeko ur bila. Sukaldeko txorrota zabaldu eta ura irteten zaigunok ezagutzen ez dugun esfortzua da.

Eguneroko ura

Aitortu behar dut harritu nauela errepideak. Arba Minch hirirako bidea hartu eta espero nuena baino askoz ere errepide itxurosoagoa aurkitu dut. Asfaltatutako bidea da zatirik gehienetan. Abiadura handirik, ordea, gutxitan hartzen du “maccinak”. Hala deitzen diote autobusari, italiarrek hemen egin zituzten urte apurren eraginez.
Batzuetan aldapak igo behar direlako joaten da geldo, eta trasteak ez duelako soberako indarrik. Beste batzuetan, berriz, bideko abereek erregulatzen dute trafikoa. Jendea bakarrik ez, bide bazterrean animaliak ere erruz aurki baitaitezke. Behiak eta ahuntzak dira gehienak, elkarrekin, familia bereko gisa dabiltzanak.

Larrerako bidean

Larrerako bidean eramaten dituzte goizean neska-mutiko gazteek, eta iluntzean, berriz, larretik etxe ingurura daramatzate.
Benetan errukitu nautenak, ordea, astoak dira. Dozenaka, ehunka astotxo ikusi ditut. Gajoek euren tamaina bikoitzeko zamak garraiatzen dituzte. Egur enborrak, belar sortak, ur bidoiak… Errukitu nau, benetan, astotxo hauen paraderoak.
Errepide bazterreko soroetan, berriz, laborantzan aurkitu dut jendea. Laster espero dute euria, eta ordurako lurra prestatuta eta hazia ereinda nahi dituzte. Gogora etorri zait Euskal Herriko taberna eta soziedade batzuetan dagoen argazkia, iragan mende hasierakoa. Gizonak eta andreak ageri dira argazki horietan, idi pareari goldea jarri, eta lurra lantzen. Halaxe ari dira, mende bat beranduago, Etiopiako gizon-emakumeak.

Futbola eta tuberkulosia

Itxura batean elkarren artean loturarik ez duten bi kontu dira, baina Etiopian, zehazki Addis Abeba hiriburuan, lotura zuzena dutela aurkitu dute.

Nazioarteko futbola ikustera, tartean Espainiako edo Ingalaterrako liga ikustera herritar andana gerturatzen da satelite bidezko telebista dagoen tabernetara. Bada, osasun arduradunek igarri dute toki horietan tuberkulosi kutsadura kasu ugari gertatzen dela. Urtean 13 bat mila tuberkulosi kasu atzematen dira soilik Addis Abeba hiriburuan.

Euskadi Irratiko albiste Faktoriarako egindako kronika.

Disidentzia kontrolpean Etiopian

Etiopiako gobernuak ez du Afrika Iparraldean izandako altxamenduen antzekorik nahi eta oposizioko kideak atxilotzeari ekin dio.

Azken astebetean oposizioko 250 kide baino gehiago atxilotu ditu poliziak. Nora eraman dituzten ez dakite.

20 urte daramatza agintean Etiopiako lehen ministroak, Meles Zenawik.  Iazko maiatzeko hauteskundeetan berriz aukeratu zuten. Oposizioko indarrek, ordea, salatua dute hauteskunde haiek ez zirela garbiak izan.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Addis Abeba, lore berria

Hegazkinetik jaitsi eta loreak ikusi ditut ugari. Jende dezente dago aireportuko itxarongelan, euretako askok eskuan lore sorta dutela, bidaiatik datorrenari ongi etorri usaintsu eta koloretsua eskaintzeko prest.
Addis Abeba, berez, lore berria da. Hori esan nahi du hiriaren izenak Amharera hizkuntzan.
Hiria fundatu aurretik, iparraldeko erreinuetatik iritsi zirenek lorez beteta aurkitu omen zuten orain hiria dagoen zabalgunea. Addis Abeba deitu zioten.

Loreak salgai

Izenari ohore eginez loreak oso ageriko dira egunerokoan. Ez da harritzekoa gizonak ikustea etxerako bidean dozena erdi arrosa eskutan hartuta, edo emakumeak kalean paseatzea oparitu dieten lilia erakusten dutela.

Banekien munduko kafe produktore nagusienetako bat dela Etiopia, baina ez nekien lore esportatzailea ere badenik. Loreak saltzen ditu hemengo lagun baten arrebak, eta esportatu ere egiten dituzte antza. Egunero bidaltzen dituzte Amsterdamera eta Japoniara ehunka lore sorta, hegazkinez. Esportatzeko gai polita iruditu zait.
Lore sorta horiek guztiak begien aurrean ditudala, kontenplazioei utzi eta bisatua eskatzeko ilaran jarri behar izan dut. Dozena bat lagun baditut aurrean, baina bizkor ari dira immigrazio agenteen mahaietara gerturatzen. Bat ezik, gainerako agente denak emakumezkoak dira.
Agentea aurrean dudala, eta nire datuekin betetako txarteltxoa entregatzean, ekintza bakarrean egin ditut kazetari batek beti egin behar lukeena eta sekula egin behar ez lukeena. Beti egin behar lukeena: egia esatea, kasu honetan lanbidez kazetaria dela aitortzea. Sekula egin behar ez lukeena: prentsari errezeloz begiratzen dion herrialdean sartzerakoan kazetari dela aitortzea.
Segituan hartu diote nire bidaiari usain txarra. Ea zein eratako kazetaria naizen, zenbat denbora pasatu behar dudan, lanik egiteko asmorik ba ote dudan… Bata bestearen atzetik galderak.
Azkenean, jarritako errugabe aurpegiak konbentzitu ditu nonbait aduanako ofizialak eta baimena eman didate herrialdean hilabetez behintzat egoteko. Baimen horren luzapena lortzea beste kontu bat izango da.

Hiri modernoa

Sorpresa eragin dit hiriak, bertakoek deitzen dioten moduan, Addisek. Espero nuena baino askoz ere modernoagoa topatu dut.
Hamar solairutik gorako eraikin kristaltsuak ugari aurki daitezke, etxe berri asko ari dira egiten, merkatal gune eta dendak nonahi aurki daitezke, hotel dotoreak ugari dira eta interneterako konexioa nahikoa bizkorra da. Bestalde, errepiderik gehientsuenetako asfaltoa egoera onean dago, nahiz eta espaloiak hauts eta harri pilaz josita egon. Oinezkoak, hemen ere, bigarren mailako dira gurpildunen alboan.
Diplomatikoen hiria da Addis Abeba. Afrikako Batasunak hemen dauka bere egoitza, Nazio Batuen Erakundeak ere Afrikako ordezkaritza nagusia bertan dauka, eta negozio gizonak hara eta hona ikusten dira.
Hori guztia esanda, kosta egiten da sinestea munduko herrialderik txirotuenetakoan gaudela. Munduko Bankuaren arabera 10 herritarretik ia 7 egunean 2 dolar baino gutxiagorekin bizi dira.
Hiriburutik irtendakoan nabarmenagoa da, nonbait, pobrezia, baina hirian bertan ere, modernitate eta luxu artean, badago pobrezia arrastorik.
Arrastoetako bat, gobernuz kanpoko erakunde piloa. Kalean zoazela, bai atari batean bai hurrengoan, GKE-ren baten karteltxoa ikus daiteke. Europa eta Amerikakoak dira gehienak.

Zapata garbitzaileak

Pobreziaren beste erakuslea, eskale andana. Inon ez dut nik hainbeste jende eskean ikusi. Euretako asko ama gazteak dira, ume txikia lepoan dabiltzanak. Adineko gizon-emakumeak ere ugari, baita ezintasun fisikoren bat dutenak ere. Orain arte sekula ikusi gabeko arazo fisikoak ikusi ditut hemen egun gutxian. Oso era irregularrean hazitako zangoak, buruaren gainalde osoa estaltzen duten zauriak, zatiren bat falta duten besoak…
Eskekoengandik gertu, itxura nahikoa antzekoarekin, saltzaileak dabiltza. Euretako asko umeak dira, gainera, hamar urtera iristen ez direnak. Batzuk telefono txartelak saltzen dituzte, beste batzuk musuzapiak, txikleak, edo bestela zapatak garbitzen uzteko erregutzen dute. Eskaintzen duten hori baztertuz gero, hurrengoa erregutzea da, eskuin eskuko atzamar punta guztiak elkar ukituz jarri eta ahora gerturatzea. Gose direla adierazi nahi dute.
Kaleko giroak, bestalde, mundu arabiarra gogorarazten dit. Ez naiz Ekialde Hurbilean inoiz izan, eta gutxi dakit inguru hari buruz, baina nire mapa mentalean hangotzat ditudan ohiturak aurkitu ditut hemen. Buruan zapi zuriak jarrita babesten dute emakumeek azala eguzkitatik, eta gizon taldeak kafetegietako eserlekuetan ikus daitezke, tertulian. Errezorako deiak sarri entzuten dira meskitetako bozgorailuetatik, nahiz eta kristau ortodoxoak izan etiopiar gehienak. Eta musika, toki guztietan presente dagoen musika, amhareraz kantatua gehienetan, erabat kutsu arabiarrekoa iruditu zait.
Mahmoud Ahmed da horren adibide, bertakoek hainbeste maite duten kantautorea, kantari izan aurretik zapata garbitzaile izan zena.