Igandetan elizan…

“Ez al zoaz elizara?”, galdetu dit soineko koloretsuz  dotore jantzita datorren emakumeak. Nire praka nasaiak eta mahuka motzeko kamiseta ikusita ez dit zeremonia itxura handirik hartu, nonbait.

Ez da galdera hori egin didan lehenengoa. Ghanara heldu nintzenetik, esango nuke, astero entzun dudala.

Elizako dantzak

Gero eta sekularizatuago dagoen gure gizarte mendebaldarrean arraroa litzateke horrelakoak entzutea. Beno, agian arraroena ezezagunari hitz egitea litzateke. Hemengoak, ordea, ezin du ulertu erlijio gabeko gizarterik, eta ondorioz pertsonarik.

Kristauak dira gehienak Ghanan. Islama ere hedatua dago eta meskitak nonahi ikusten dira, baina gutxiago dira musulmanak.

Elizara bidean, emakumezkoek soinekoa dute jantzita eta buruan oihal berdinez eginiko zapia. Gizonezko batzuk prezisioz lixatutako praka eta alkandorak daramatzate soinean. Beste batzuk, helduenek, sorbalda bat eta bular zati bat agerian uzten dien jantzi tradizionala. Estanpatua da gehienetan, nahiz eta batzuetan beltza ere baden.

Pasioz betetako ospakizuna da meza. Aurpegian espresio sentitua jarrita kantatzen dute denek, begiak itxita eta ezpainak eta eskuak gogor estutuz. Tarteka dantza eta txaloentzat unea ere iristen da.

Kantu eta otoitzen artean, sermolari nagusi batek jarduten du. Luze. Bera da artzaina, eta berari dagokio ardiei asterako bidea erakustea. Alferkeria alde batera utzi beharraz aritu da gaur, probetxuzko gizona izateak duen garrantziaz. Probetxuzko emakumerik ez du aipatu.

Taxiaren atzealdea

Erlijioaren presentzia, ordea, ez da elizara mugatzen. Alde guztietan dago Jainkoa. Tro-tro eta taxi gehienek dute haren izena letra koloretsuz jarrita. Batzuk Jesus deitzen diote, beste batzuk Allah, beste batzuk soilik Jainko. “Jainkoak maite nau”, ”Berak salbatuko gaitu”, “Deabrua gezurtia da” eta “Allah gurekin dago” bezalakoek auto kristal ugari apaintzen dituzte. Gidariak sarritan darama errosario bat eskumuturrean, eta bolante gainean gurutzeren bat izatea gauza normala da.

Motozerra saltokia

Kale kantoi orotan ere nabarmena da sinestedunen presentzia. “Kristogan sinesten dugu motozerra saltokia”, “Jaungoikoaren izenean ile-apaindegia”, “Santu guztien supermerkatua” edo “Shei Allah saltokia”. Bedeinkazio gabeko negoziorik ez dago.

Telefonoa hondatu eta berria erostera joan naiz orain gutxi merkatura. Postu batean baino gehiagoan egin dut galdera, batetik bestera prezio alde handiak egoten baitira. Ez soilik telefonotan, produktu denetan. Postu batean 70 zentimo balio duenak, albokoan 20 balio izatea ez da harritzekoa. Gure merkataritza eskemak ez du aplikaziorik hemen. Dendari bakoitzak iruditzen zaiona eskatzen du, eta askotan nahiago dute prezioa jaitsi baino saldu gabe geratu.

Batarekin eta bestearekin hitz egin ondoren, aurkitu dut nahi dudan telefonoa, adostu dugu prezioa eta erosi dut. Hizketarako gogoz segitzen du, ordea, saltzaileak. Zein elizatara joaten naizen galdetu dit. Erreakzioa ikusteagatik bakarrik, ez naizela elizara joaten esan diot. Sinetsi ezinda geratu zait. “Nola da posible pertsona hala bizitzea?”.

Ez dakit erlijioak hemengo herritarrei zer on eta zer txar ekarri dien. Ez dut horren inguruan iritzia emateko adina ezagutzarik.  Zalantzarik gabe esan daitekeena da, indarrez bizi dutela euren sinesmena, eta indarra ematen diela, edo behintzat hala sentitzen dutela.

Enpresari arrakastatsu batek orain gutxi esan dit berak badakiela bere ondasuna nori zor dion. Lortu duen dena Jainkoak eman omen dio. Gauzak batere ongi ez doazkion beste batek atzo bertan esan zidan, estu dabilenean, jatekoa ere eskas duenean, Jainkoak ematen diola babesa.

Kristautasunaren adar desberdinak eta islama, itxura batera behintzat, oso era armoniatsuan bizi dira herrialde honetan. Meskitak ugari aurki daitezke nonahi, eta errezoetarako deia denek entzuteko moduan egiten dute bozgorailuetatik. Baita eguna argitu aurretik ere.

Larabangako meskita

Itsasertzetik aldendu eta iparraldera jo ahala, musulmanen presentzia gero eta nabarmenagoa da. Kristautasuna kostatik iritsi baitzen, portugaldarrek ekarrita. Islama, aldiz, Saharako basamortua zeharkatuta iritsi zen paraje honetara, goitik.

Afrika mendebaldeko meskitarik zaharrena ere, Larabangakoa, bertan dago. XV. mendean egindakoa da hain itxura berezia duen tenplua. Dena marroi kolorekoa den herrixkan horrelako zuritasun kontzentrazioa ikustea begietara erakargarri egiten da.

Kristautasuna eta islama hain ageriko diren herrialde honetan, ordea, beste galderarik ere sortzen da. Zer gertatu da Afrikako erlijio tradizionalekin? Non egiten dituzte euren erritoak? Erabat desagertu dira sineskera horiek?

Datu ofizialen arabera herritarren ia laurdenak jatorriz afrikarrak diren sineskera animistak jarraitzen ditu. Erlijio hauen ezaugarri nagusietakoa da izaera eta jainkotasuna aitortzea elementu natural ugariri, tartean ibai, mendi edota harriei. Bizidun ez diren elementu hauek guztiak pertsonifikatu egiten dituzte eta haiek gurtzeko hainbat sakrifizio egiten dute. Arbasoekin ere harreman estua dute oso. Haien memoria gordetzen dute, eta ezer txarrik gertatuz gero, arbasoen zigorra izan dela interpretatzen dute.

Sineskera hauek, ordea, ezkutatuta sumatu ditut. Ez daude bistan, kristautasuna eta islama dauden bezala. Kasu batzuetan, antza, nahastu egin dira nagusitutako erlijioekin, eta asko dira errito animista batzuk praktikatzen dituzten kristau edo musulmanak. Ikusgarritasuna galdua dute, ordea. Elizarako edo meskitarako bidea agerian eta harro egiten den bezala, Jesusen irudia eta Allaren izena bazter guztietan ageri den bezala, erlijio animista hauen arrastoa aurkitzea ez da hain erraza. Haiei buruz hitz egitea, berriz, deserosoa da.

Borroka gehiago Boli Kostan

Boli Kostan krisi politikoak sortutako borrokak areagotzen ari dira. Atzo, herrialdearen mendebaldean, armadako soldaduen eta errebeldeen artean enfrentamenduak izan ziren.  Hainbat iturriren arabera 80 badira hildakoak. Ia hiru hilabete dira Boli Kostan hauteskundeak egin zirenetik. Nazioarteak Alasanne Ouattara garaile aitortua du, baina orain arteko presidenteak, Laurent Gbagbok ez du kargua utzi nahi. Krisia lehertu zenetik hil direnak 300dik gora dira, Nazio Batuen Erakundearen arabera.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Gurpil gaineko sugeak

Badaude alferrikakoak izaten diren galdera batzuk. Eginez gero, erantzunen bat jaso jasotzen da, baina ez du ezer argitzen. “Noiz irtengo gara?” da galdera da horietako bat. Itauna alferrikakoa da tro-tro edo autobus batean sartu berri zarenean.

Ibilgailuan noiz sartu zaren badakizu, baina trastea noiz abiatuko den eta helmugara noiz iritsiko den beti dira inkognita bat, batez ere hiritik urrun zabiltzala. Hirian, bai autobusak, bai tro-troak, segituan betetzen dira. Jendeak borroka ere egiten du iluntzean lanetik etxerako orduan, aldameneko atetik sartzeko. Emakumeak izaten dira ia beti sartu ezinda geratzen direnak. Azkeneko iritsitako edozein gizonezko lotsagabek, inoren asaldurarik sortu gabe, lekua kentzen dio aspaldian zain dagoen emakumeari. Honek batzuetan egiten du protestaren bat, baina batere emaitzarik ez duela izango aurrez jakinda.

Ahuntza patxadan etzanda

Akwidaa herrian tokatu zait oraingoan tro-troa hartzea. Irteteko posizioan dago jarrita furgoneta zaharra, bideari begira, ateak zabalik ditu, baina inor ez dago barruan. Ahuntzak ere lasai jarri dira furgonetaren itzalean, bai baitakite puska batean mugitu beharrik ez dutela izango. Inguruan galdetu dut hori ote den Agona bidegurutzera doan autoa, eta baietz esan didate. Nahiago izan dut alferrikako galdera ez egitea. Goizeko 10ak dira.

Segituan betetzeko itxurarik ez duenez, herrian buelta bat ematea pentsatu dut. Arrantzale batzuk ageri dira, itsasoko buelta goizaldean eginda. Arbola handi baten gerizpean daude etzanda, solasean.

Akwidaa-ko umeak

Herri txikia da Akwidaa. Ez dira ehun lagun baino gehiago biziko. Asteguna izanagatik haur asko ageri dira kalean, eskolara joateko itxura askorik gabe.

Bost mutiko segituan gerturatu zaizkit, jolasgura itzelarekin. Herrian zuri bat ikustea nobedadea da eurentzat. Haiekin jolasean ari nintzela agurtu nau  euren aitak. Samuel omen du izena. Mutil gaztea da, 30 urtera helduko ez dena. Esan dit bost mutikoak bereak dituela.

Samuel etxea egiten

Familiarentzako etxea eraikitzen ari da. Banbuzko egurrarekin egina du egitura, eta buztinarekin ari da makilen arteko hutsuneak betetzen. Teilatua lehortutako palmondo belarrez du estalia.

Herriko buelta egindakoan joan naiz berriz tro-trora. Ahuntzek patxadan jarraitzen dute etzanda. Bi gizonezko dagoneko barruan daude, baina dozena bat lagunentzako tokia badago hemen.

Goizeko hamaikak badira, eta erabaki dut ibilgailuan sartzea. Eserleku hutsak bakanduz joanez gero, jendea lehenago gerturatuko delakoan edo.

Ondorengo ordubetean, apurka-apurka, hasi da jendea iristen. Lehenbizi, mutil gazte bat. Gero, hirirako dotore jantzita doan adineko gizona. Palankana eta guzti merkatura iritsi nahi duen emakumea…

Tarteka berbaro zaratatsua sortzen da barruan. Denek dute esateko zerbait. Hari eserlekuz aldatzeko esan diote, hurrengoari motxila magalean jartzeko eta eserlekua libratzeko, emakumeari palankana bazterrean kokatzeko. Denek hartzen dute parte, askotan haserre tonua hartzen duen solasaldian. Eztabaidaren bat sortzen bada ere, nahiz eta biren artekoa izan, segituan bilakatzen da publiko, ingurukoek ere euren posizioa erakutsi beharra baitute, edo besterik ez bada purrustadaren bat egin beharra.Tro-troa bete eta gidaria inondik ageri ez denean ere, batera hasi dute errieta.

Autobusa edo tro-troa bete da, abiatzeko garaia da. Hasierako galderak, beraz, egin gabe utzitako hark, badu erantzuna.

Bidean abiatu, eta berehala datoz lehenengo saltoak. Herri txikien arteko bide ia denak asfaltatu gabekoak dira, beraz toki batzuetan lur pilo handiak daude, beste batzuetan zuloak. Urtaro lehorrean gaude orain eta ez dago putzurik. Euriteak hasten direnean ez da giro izango hemengo lur lokaztuan.

Autobusak, normalean, sugearen antza hartzen du bide hauetan. Ezker-eskuin, eskuin-ezker, hala ibiltzen da, zigi-zagan, lurreko zulorik handienak saihestu nahian. Asfaltatutako errepideetan ere hala gertatzen da, galipota azkenekoz bota zutenetik urteak dezente pasa baitira.

Gidarien abilidadea txundituta geratzeko modukoa da, sarritan. Aurrean duten zuloa saihesteagatik, ezkerreko karrilera joateko kapaz dira, baita aurrez aurre beste auto bat datorrenean ere. Azeleragailua hondoraino sakatu, bolanteari eragin, eta motorra lehertu beharrean jarri, hala egiten du ibilgailuak sugearena. Pareko autoa albotik pasatzerako beti lortzen du berriz ere eskuineko aldean egotea. Esan gabe doa, errepidearen erdiko marra, dagoen apurretan, inork kasurik egiten ez dion seinalea dela.

Badago, hala ere, gidarien abilidadeak baino gehiago harritzen nauen zerbait. Bidaiari asko kapaz direla horrelako astindua jasotzen ari diren bitartean lo egiteko. Sakon, gainera. Apur bat pentsatzen jarrita, honako esplikazioa aurkitu diot gaitasun horri: Neurrigabeko nekea eta pilatutako logura. Goizean goizago esnatzen da Afrika, eta gauean berandu lokartzen da. Tokatu izan zait goizalderen batean autobusa hartu behar izatea, eta bidean pasatako herrixketan dagoeneko esna aurkitzea jendea, emakumeak sutan zerbait prestatzen, gizonezkoak meskitara bidea, umeak eguna argitzerako futbolean… Behin auzoko lagun batek gonbidatu ninduen igande goizaldean eurekin korrika egitera. Ezin izan nuen joan, beste arrazoi batzuk medio, baina galdetu nion ea noiz abiatu ohi diren. Goizeko 3:30etan elkartzen dira. Eguna argitu eta berotzen asterako, goizaldeko freskuran, orduan egiten omen da ondoen korrika. Hortik, edozein kaleko postutan saltzaileak lo aurkitzea, edo tro-tro zalapartatsuan lo gozotan sartzeko gaitasuna izatea.

Saltzaileak autobusa inguratuz

Geldialdiak sarritan egiten dituzte gurpildun sugeek. Batzuetan bidesariren bat ordaintzeko, beste batzuetan polizia kontrola igarotzeko, edo besterik gabe tarteko geltokiren batera iritsi direlako. Horrelakoetan, erle laino batek setiatzen du segituan ibilgailua.

Emakume saltzaileak dira. Buruaren gainean, bandeja edo palankana batean saltzeko dute zerbait. Batek laranjak ditu, beste batek bananak, hurrengoak ura saltzen du, atzetik oihuka ari denak opilak…

Ez dago, ordea, denek salmenta ona egiteko modurik. Eskaintza eskaria baino handiagoa baita, bidaiari baino saltzaile gehiago izaten direla sarri, alegia.

Estutasunak ere sortzen dira errepideko salmenta honetan. Erosketa amaitu gabe dagoela autobus gidariak bideari berriz ekiten dionean izaten da hori. Bidaiariak oraindik erositako generoa ordaindu ez badio segituan hasiko da builaka beheko emakumea. Beste batzuetan bueltak eman gabe dago oraindik saltzailea, eta bidaiaria hasiko zaio zarataka. Orduan hasten dira emakumeok korrika, oreka miragarriz buru gaineko zama inongo momentutan bota gabe, autobus leihoarekin salmenta amaitu arte.

Helmugara iristea beti da atsegina. Berriz ere zutitu, eta odol zirkulazioa zer den deskubritzen dute hankek. Ordura arte geldi egon baitira, mugitzeko eta luzatzeko eskubiderik gabe.

Bidaiaren ondorioak, hala ere, ez dira hor amaitzen. Bidean zehar gustura hartzen da leihotik datorren haizea. Beroa da gehienetan, baina korronteak atsegin bihurtzen du. Haizearekin batera, ordea, errepideko hauts gorrixka ere sartzen da eta gutxi dira hari ihes egin ahal dioten zirriztuak. Arropek kolore zikina hartzen dute, azalak tonu ilunagoa, eta buruko ilea kapa marroi batek estaltzen du. Baldekada bat ur eta xaboi apur bat nahikoa izaten dira, normalean, sugeak utzitako orbainak desagerrarazteko.

Kongoko inpunitateari muga

Kongoko Errepublika Demokratikoan armadako 9 kide espetxera bidali ditu epaitegi batek, emakumeak bortxatzeagatik.

Urteberri egunean gertatu ziren bortxaketa hauek, ekialdeko Fizi hirian. 20 urte arteko espetxealdira zigortu dituzte militarrak.

Nazioartetik begi onez hartu dute sententzia, espero dutelako horrelako sententzia batek balioko duela orain arte inpunitate osoz eta sarri bortxaketak egiten zituzten soldaduak geldiarazteko.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Afrikar berriak

Lilura eta amorrua eragiten ditu Txinak Afrikan. Lilura, inbertitzen ari den diruak ekonomiaren hobekuntza ekar dezakeelako; amorrua, harremanak zailak direlako.

Horrela hasten da igandeko Berrian argitaratutako erreportajea. Soilik paperezko edizioan dago.

Gertakari ilunen hondarrak

“Oso gogorra da askorentzat hona etortzea. Euren arbasoek bizi izan zuten minaz jabetzen dira. Haserrea sentitzen dute. Batetik, zuriek eragin zuten kalte guztiagatik. Baina, bestetik, euren azal kolore bera zutenek saldu zituztelako”.

Samuel Meinsak esandakoa da. Hezitzailea da Cape Coasteko gazteluan.

Cape Coast-eko gaztelua

Gaztelu hau, eta Ghanako kostaldean geratzen diren beste hainbat, Afrikako historiaren pasarterik ilunenetako baten lekuko izan ziren. Esklabo salmenta eta garraioaren lekuko.

Portugaldarrak izan ziren inguru honetara iristen lehen europarrak. Urre gosea ase nahian, zer eta urrearen lurraldea topatu! Bertakoak urrezko apaingarriak jantzita ikusi zituzten, Elmina deitu zuten arrantzale herrixkara heldu zirenean. 1471. urtea zen.

Helduera ez zen, nonbait, gatazkatsua izan. Elkar ulertu omen zuten portugaldarrek eta tokiko erregeek (erreinu bat baino gehiago zeuden inguru honetan). Trukean hasi ziren: europarrek oihalak, ontziak eta armak zituzten eskaintzeko, eta afrikarrek, aldiz, urrea, gatza eta beste espezia batzuk. Truke hori, ordea, beste eremu batzuetara hedatu zen denborarekin.

Elminako gaztelua

Europarrak eskulan beharrean ziren, batez ere Amerikara heldu ondoren. Afrikar erregeek ez zuten erreparorik izan esklaboak merke saltzeko. Ashanti erreinua, esaterako, asko aberastu zen kontinentearen barrualdeko herritarrak preso hartu eta kostaldean europarrei salduz.

Portugaldarrak izan ziren lehenengo, baina atzetik etorri ziren holandarrak, britainiarrak… Batzuek batere erreparo gabe, beste batzuek erreparo moral bakanen bat gainditu ondoren, baina denek ekin zioten gizakien salerosketari.

Garai zaharren irudikapena

Orduan sortu zen hiru norabidetako merkatu deiturikoa. Europatik Afrikara oihalak eta armak zetozen, Afrikatik Amerikara esklaboak eramaten zituzten, eta Amerikatik Europara, berriz, azukrea, kafea, kotoia edota kafea. Borobila zen, batzuentzat, negozioa.

1.600 urtearen ondoren ezarri omen zen esklabotza ofizialki, eta 1870 arte iraun zuen gutxienez. Zifra zehatzik ez dago, baina museoko idatzietan aipatzen da 12 milioi eta 25 milioi afrikar artean eraman zirela behartuta atlantikoz bestaldera. Herena Brasilera eraman zuten, beste herena Karibeko uharteetara eta gutxiago Ipar Amerikara.

Inpresioa eragiten du ikusteak esklabo enkantea iragartzen duen kartela. XIX. mende amaierakoa da, ordu zehatz batean izango dela subasta, dio, ganadu buruei buruz ariko balitz bezala. Osasuntsuak eta sendoak direla ere aipatzen da kartelean, ezinbesteko baldintza hori, hain baldintza makurretan atlantikoa bizirik zeharkatu ahal izateko.

Esklaboen ziega

Gizonak eta emakumeak bananduta izaten zituzten gazteluko gela ilunetan. Gaur egun bonbilla batek uzten du ikusten zuloa nolakoa den, baina garai hartan argindarrik ez zegoen, eta izanda ere ez zuten ziurrenik jarriko. Ilunpean, eta arnasa hartzeko apenas oxigenorik gabe izaten zituzten zulo horietan. Atera eramateko unea iritsi arte.

“Door of no return” jartzen du atearen gainean. Behin puntu hori igarota, ez zegoen atzera bueltarik.

"Door of no return"

Bueltatzen direnak, gaur egun, esklabo haietako batzuen ondorengoak dira. Afroamerikarrak. Euren jatorria bilatzeko bideak ekartzen ditu hona eta eurak dira museoa gehien bisitatzen dutenetakoak.

Aste hauetan guztietan, herri batetik bestera nabilela, askotan etorri zait burura galdera: Nola bizi ote dute gaur egungo afrikarrek garai hartakoak esklabo hartu izana? Nola eragin du horrek euren gaur egungo izaeran? Memoria kolektiboan nola dute hori guztia instalatuta?

Erabateko erantzunik ez dut aurkitu, baina irudipen batzuk bai. Batez ere bi jarrera aurkitu ditut, biak ere desatseginak, bai afrikarrentzat eurentzat, bai tratu hori jasotzen duen zuriarentzat.

Jarrera horietako bat, hedatuena, gutxitasun sentimendua da. Gizon zuriari jakituria eta boterea aitortzeko jarrera esplizitua, eta haren aurrean makurtu beharra. Autobusean pasatu zait, eserleku gabe geratu eta hiruzpalau lagunek, tartean emakume haurduna, euren eserlekua eskaintzea. Edo norbaitekin hizketan ari zarela, hartaz eta honetaz, konturatzen zarenean solaskideak bere iritziei ez diela inolako baliorik ematen, zuk esandakoarekin ados egon besterik ez duela nahi.

Dixcove-ko gaztelua

Beste muturra ere ez da, ordea, atsegina. Gizon zuri bat ikusi, eta berau dela euren gaitz guztien iturri uste duena. Esklabotza, kolonizazioa, Afrikako pobrezia, Europara joandako etorkinei ematen zaien tratua… Burura etorritako dena, aurrean dutenari egozten diote. Gutxitan gertatu zait, baina jazo da. Haserre aurpegiarekin begiratu izan naute holakoetan, eta mespretxu puntu batekin hitz egin didate, hitz egin didatenean.

Zalantzarik gabe, gizon zuriek zeresan handia dute arestian aipatutako horretan guztian, baina zer egin dezake gaur egun hona datorren zuriak horren guztiaren inguruan? Belaunaldi berriek al dute aurrekoek egindako barrabaskerien ardura?  Lotsatuta sentitu behar genuke agian? Damututa? Ez ditut sentipen horiek bizi izan. Baina, aurrean dudan gizaseme amorratuarentzat ez da nahikoa entzutea ez zaidala zuzena iruditzen afrikarrentzat Europako ateak itxita egotea, esklabotza ankerkeria neurrigabea izan zela, edota kolonizatzaileek dutela gaur egungo Afrikaren egoeran erantzukizun handia.

 

Museveni eta medikua

Hauteskunde eguna dute gaur Ugandan. Presidentea eta parlamentua aukeratzeko bozak dituzte.  Irabazteko faboritoa, azken 25 urteetan boterean dagoen gizona: Yubeni Museveni.

Sekula baino indartsuago dago, ordea, oposizioa, eta aldaketa politikoa posible dela diotenak, gero eta gehiago dira. Kizza Besigye, garai batean Museveniren kide eta mediku izan zena da orain presidentearen arerio nagusia.

Iruzurra gerta daitekeela dioenik ere badago, eta horrek indarkeria sor dezakeen beldur dira batzuk.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Serengetiko errepidea

Tanzanian, Serengeti parke nazionaleko animalia asko arriskuan egon litezke gobernuak egin nahi duen errepide bat dela eta. Parke naturalaren iparraldetik egin nahi du gobernuak errepidea, argudiatuz ezinbestekoa dela inguru hartan bizi den jendearen bizi kalitatea hobetzeko.

Proiektuaren kontra daude talde ekologista asko. Ez zaie errepidea ezinbesteko iruditzen eta asmo komertzial ilunak ikusten dituzte proiektuaren atzean.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Paradisutik gertu

Norbaitek esaten dizunean zerbait ikaragarria dela, txundigarria dela, edo harrigarria dela, normalean beti atsekabetzen zaitu aurkitzen duzunak. Espero duzunaren langa oso goian jarria dizutelako, eta aurkitzen duzuna ez delako normalean horra iristen.

Oraingoan, aitortzen dut, ez da horrelakorik gertatu.

Green Turtle Lodgera etorri beharra nuela esan zidan orain pare bat urte Afrikan ibili zen lagun batek. Toki ederra zela, lasaia, jatekoa ona… Bera sekula ez omen da paradisutik hain gertu egon!

Horrelakoak entzunda, aukeratu ditut bi egun eta saiatu nahiz batere obligaziorik ez hartzen. Ez elkarrizketarik, ez kronikarik, ez internetera konektatu beharrik… Batere konpromisorik ez. Cape Coastetik irten eta hiruzpalau tro-tro bata bestearekin lotuz iritsi naiz hona.

Hortik aurrerakoak ez ditut kontatuko. Ikusi eta entzun!

 

Ghanako kostaldea

 

Munduko Foro Soziala Dakarren

Gaur amaituko da Dakarren Munduko Foro Soziala. Iragan igandeaz geroztik milaka lagun elkartu dira Senegalgo hiriburuan, bestelako mundu bat posible dela sinetsita, eta horren alde lan egiteko prestutasuna hartuta.

Bilkura aurten Afrikan eginda, kontinente honetako arazoek aparteko oihartzuna izan dute 11garren edizio honetan.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.