Tradizioak min

Ilea oso laburra du Gido Arbotek. Inguruan eserita dauzkan lagunak ere kaskamotzak dira, bere moduko neska nerabeak gehienak. Buru biluzia harrixka koloretsuekin dute apaindua. Urrats batzuk harago, arbolape berean eserita
dauden emakumeek, aldiz, lepoa bera ere estaltzen dieten adatsak dauzkate. Buruko ilearen luzera beste zerbaiten erakusle da arbore etniako emakumeen artean. Neska gazteek ezin dute ilea luzatzen utzi, harik eta organo genitalak mozten dizkieten arte.

Horrela hasten da Berria egunkariko Igandea gehigarrirako egindako erreportajea. Hemen eta hemen irakur daiteke osorik.

Ablazioa Etiopian

Min ematen duen ohitura da ablazioa, neskatoei euren sexu organoak erauzteko ohitura. Afrikako 28 herrialdetan oraindik oso hedatua dagoen jarduera da.  Baina, zorionez, apurka apurka gero eta gizatalde gehiago dira ohitura hau alboratzen ari direnak.

Etiopia hartuko dugu adibide gisa. Orain dozena bat urte egindako ikerketa batek erakutsi zuen herrialdeko neskatoen %73ari egiten zitzaiela orduan ablazioa. Azken ikerketek diote gaur egun %56ari egiten zaiela. Oraindik ere milaka dira ondorio larriak pairatzen dituzten neskatoak.  Joera beheranzkoa dela ere gauza argia da, ordea.

Etiopia hegoaldean, ohitura mingarri honen aurkako borroka nolakoa den erakusen du Euskadi Irratiko Amarauna saiorako egindako erreportajeak.  Haurralde fundazioko Ana Telleriari ere egin diote elkarrizketa Amaraunean, fundazio honek mozketa genitalarekin amaitzeko zein lan egiten duen ezagutzeko.