Somaliland: Hogei urte bidea eginez (I)

Hogei urte dira gaur Somalilandek independentzia aldarrikatu zuela. Somaliaren menpeko lurralde izateari utzi zion orduan, eta azken urteotan nahikoa herrialde egonkorra eta baketsua izatea lortu du. Batez ere, etengabeko gerra egoeran bizi den Somaliarekin konparatuz gero.

Herrialde bezala funtzionatzen du Somalilandek. Gobernu, txanpon, pasaporte eta armada propioak ditu, esaterako. Baina nazioarteak ez du estatu bezala errekonozitu.

Independentziaren 20. urteurrena, ospakizuna izateaz gain, nazioartearen aitortza eskatzeko erreibindikazio egun ere bihurtuko dute somalilandarrek.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.


Lurra alokagai, herritarrak gose

3 milioi hektareako landa eremua dauka Etiopiako gobernuak errentan emateko. Neurria hobeto ulertzeko esanda: nafarroa halako hiru, errentan emateko.

Gehientsuena esleitu berri die atzerriko nekazaritza multinazionalei. India, Txina eta Saudi Arabiako korporazioak gehienak. Enpresa hauek soroak prestatzen hasi dira, eta noski, honek ondorio zuzenak ditu bertako herritarrengan. Nekazari asko lurrik gabe geratu dira, eta artzainak berriz, euren artaldeentzako larrerik gabe.

Ez da hori ekimenaren kontraesan bakarra. Laborantzarako emankorra den lurra alokatzen ari den Etiopiak, iaz 700 mila tona elikagai jaso zituen giza laguntza moduan.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Eritrearrak estu

Eritreako Aliantza Demokratikoak rrialdi deia egin du. Herrialdeko egoera egunetik egunera okertzen ari dela dela diote, Isaias Afewerki presidentearen erregimenak ez diela herritarrei arnasarik hartzen uzten. Giza eskubideen urraketak ugari direla salatu du elkarte honek, eta herritar asko premia larrian bizi direla. Herrialdetik alde egindako errefuxiatuek, tartean Etiopian daudenek, erregimen aldaketa eskatzeko protestak egin dituzte. Nazioarteari esku hartzeko ere eskatu diote.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Berriz ere gosea

Afrika eta gosea, zoritxarrez, berriz ere elkarri eskutik helduta datoz.
Ezohiko lehortea eragin du La Niña fenomenoak Afrikako adarrean. Horrek uztak alperrik galdu ditu, eta abereak larrerik gabe utzi ditu.
Etiopian soilik, 2 milioi pertsona kanpotik iristen den giza laguntzari esker ari dira jaten uneotan.
Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Berdeari beltza gailentzen zaionean

Deforestazioa arazo bihurtzen ari da Ghanan. Afrika mendebaldeko herrialde hau baso eta oihan berde eta dotorez horniturik dago. Klima tropikalak laguntzen dio horretan. Baso eta oihan horiek, ordea, apurka-apurka euren sakontasuna galtzen ari dira.

Ikatza da herritar gehienek kozinarako erabiltzen duten erregaia, ez baitute gasa edo kerosenoa erosteko adina diru. Eta horixe da, ikatz produkzioa, batez ere, deforestazioaren erantzule.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.


Errebolta usaina Saharaz hegoaldera

Ezin da esan oraindik Afrika iparraldeko errebolta eta matxinada oldeak Saharako basamortua zeharkatu duenik, baina badira oso kontuan hartu beharreko bi puntu.

Bata Swazilandia. Asteartean hasitako protestak arrakastatsuak izan baitira, nahiz eta poliziak gogor ekin manifestarien kontra.

Bestea berriz Uganda. Elikagaien prezioak eta erregaiak asko garestitu ondoren, herritarrak kalera irten dira.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Kondoi eskasia Kenyan

Monbasako portura iritsi da, azkenean, kondoiez beteriko tsasontzi bat. 35 milioi kondoi bidali ditu Nazio Batuen Erakundeak, herrialdeak bizi duen eskasiari aurre egiteko.

Azkenaldian benetako arazo bihurtu da preserbatibo eskasia Kenyan. Gobernuak hiesari aurre egiteko duen agentziari amaitu egin baitzitzaizkion zituen erreserbak.

Egoera hain muturrekoa izanda, erabilitako kondoiak garbitu eta berriz erabiltzen hasi dira herritar asko.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Nigeriako hauteskundeak. Garbiak oraingoak?

Bihar hasiko dira hauteskundeak Nigerian, agindutakoa baino astebete beranduago. Berez, aurreko larunbatean hasi behar zuten nigeriarrek parlamenturako ordezkariak aukeratzen. Baina antolaketa arazoak tarteko, hauteskunde batzordeak astebetez atzeratu zituen bozak.
Afrikako herrialderik populatuena da Nigeria, 160 milioi biztanle ditu. Petrolio produktore handia da, baina petrolioak emandako aberastasuna gutxi batzuengana heltzen da soilik, eta herritarren gehiengoa pobretuta bizi da. Erlijio talde eta etnia desberdinen arteko borrokak, bestalde, etengabeak dira.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Whoonga eta anti-retrobiralak

Hego Afrikan, hiesaren birusa dutenek gaitzari aurre egitea nahikoa ez, eta orain botikak lapurtu nahi dizkietenei ere aurre egin behar.

Botika anti-retrobiralen merkatu beltza gero eta hedatuago dago hiesak hainbeste kaltetu duen herrialdean. Eta merkatu beltzeko botikak, gehienetan, gaixoei lapurtutakoak dira. Modan jartzen ari den Whoonga izeneko droga egiteko erabiltzen dituzte.

Seropositiboekin lan egiten duten elkarteek eskatu diote gobernuari lapur hauei zorrotzago aurre egiten hasteko.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

 

Umeak soldadu

Somalian gero eta haur soldadu gehiago dago. Gobernu kanpoko erakunde batek eta UNICEF-ek egindako salaketa da. Erakunde hauen arabera, gerrilla islamiarrez gain, Somaliako trantsizio gobernuak berak ere haurrak ditu armadan.

Azken 20 urteetan gerra egoerak konpontzeko itxurarik ez du Afrikako adarrean dagoen herrialde honetan.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.