Egileari buruzkoak

Jaiotzez legazpiarra izan arren, dozenatik gora urte daramatzat Bizkaian bizitzen, Bilbon lehenengo eta Durangon aspalditxoan.

Kazetaria naiz ofizioz, eta uste dut bokazioz ere baietz. Egin irratian hasi nintzen lehen praktikak egiten, eta gerora Segura Irratia eta Euskal Telebista izan ditut eskola. Argian eta Berrian ere kolaboratu izan dut tarteka. Euskadi Irratiko langilea naiz azken urteetan, nahiz eta uneotan eszedentzian nagoen.

Anboto aldeanEszedentzia aldi honen zati bat  kanpoan ibiltzeari eskaini diot. Estatu Batuetan bost hilabete inguru eman nituen bertako bizimoduan murgilduta. Ingelesari astindu bat ematea, eguneroko martxa desberdin bat sortu eta eskola batzuk hartzea izan zen helburu nagusia. Egonaldi hartan Berria egunkarirako erreportaje batzuk egin nituen eta blog bat ere txintxo bete nuen.

Orain beste abentura bati ekitekotan nago. Aspaldian amestutakoa, prestatutakoa, eta orain arte egitea posible izan ez dena. Afrikara noa. Ezusterik ezean, maiatzera artekoak behintzat han egingo ditut.

Kazetari lanean jardutekotan noa, batean eta bestean lanak argitaratzekotan. Hemen ere jarriko ditut lan horiek, eta baita beste inon argitaratzen ez direnak ere… iruditzen baitzait, zer kontatua ugari izango dela.

Utzi iruzkina