Berriz ere gosea

Afrika eta gosea, zoritxarrez, berriz ere elkarri eskutik helduta datoz.
Ezohiko lehortea eragin du La Niña fenomenoak Afrikako adarrean. Horrek uztak alperrik galdu ditu, eta abereak larrerik gabe utzi ditu.
Etiopian soilik, 2 milioi pertsona kanpotik iristen den giza laguntzari esker ari dira jaten uneotan.
Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Sierra Leona, 50 urtez aske

Ospakizun eguna dute gaur Sierra Leonan. Gaur baitira 50 urte Afrika mendebaldeko herrialde honek kolonia britainiarra izateari utzi, eta independentzia lortu zuela.
2002an amaitutako gerra zibiletik “sendatzen” ari da oraindik ere herrialdea. Azken urteak egonkorrak izan dira, baina oraindik ere herritar gehienak pobrezia gorrian bizi dira. Edonola ere, giro positiboa nabari da urteurrenaren harira. Festa handia dute prestatua gaurko.
Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Wukro-ko irriak

Etiopia iparraldeko Wukro herrian ari da lanean aspaldiko urteetan Angel Olaran Hernaniko misiolaria. Herriko umezurtzei laguntzeko ekimen ugari ditu eskuartean Angelek. Haiei babesa ematea, eta bizitzan aurrera egin ahal izateko behar dituzten abileziak erakustea da bere helburu nagusia.

Aurtengo Aste Santua ezohikoa izan dute Wukron. Angelek bisitari bereziak ditu egunotan bere etxean. Herriko haurrek ere, gozatu ederra hartu dute bisitari horiekin.

Euskadi Irratiko Amarauna saiorako egindako erreportajea.

Marimotots, Angel Olaran, Porrotx eta Wukroko haurrak

Jatekoa garesti

Elikagaien garestitzeak berriz ere ataka larrian jarri du jende asko munduan. Afrika da horren lekuko. Adituen arabera, 2008ko elikagai krisiaren maila oraindik ez da heldu, baina bidean da.
Artoa, garia eta azukrea bezalako oinarrizko elikagaiak asko garestitu dira azkenotan, eta jende asko gorriak ari da ikusten sabela betetzeko.
Garestitzearen arrazoi nagusietako bat: Biofuela. Petrolioa garestitzen den garaietan, bio erregaiak egiteko erabiltzen direla, jateko behar luketen uzta asko.
Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Berdeari beltza gailentzen zaionean

Deforestazioa arazo bihurtzen ari da Ghanan. Afrika mendebaldeko herrialde hau baso eta oihan berde eta dotorez horniturik dago. Klima tropikalak laguntzen dio horretan. Baso eta oihan horiek, ordea, apurka-apurka euren sakontasuna galtzen ari dira.

Ikatza da herritar gehienek kozinarako erabiltzen duten erregaia, ez baitute gasa edo kerosenoa erosteko adina diru. Eta horixe da, ikatz produkzioa, batez ere, deforestazioaren erantzule.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.


Merkatu ilunak

Asmamaw gaztearekin joan behar dut Kako herrixka ikustera. Jinka-tik dozena pare bat kilometrotara dago, eta Asmamawk esan dit azoka eguna dela gaur. Aukera polita izan litekeela Banna eta Ari tribuetako gizon emakumeak ikusteko. Zeregin hoberik ez omen du, eta lagunduko omen dit. Furgoneta abiatu aurretik izan dut, ordea, lehenengo sabel bihurritua. Gerora egunak izango duen kolorearen aurrerapena izan da.

Kafe saltzaileak Kakon

Sartu gara Kakorako bidea egiten duen furgonetan. Ia-ia beteta dago. Hamar bat lagun daude eserita, eta hiru eserleku geratzen dira hutsik. Bost lagunentzat tokia dagoela esan nahi du horrek.

Atzeko eserlekuak egokitu zaizkigu guri. Neska bat dago eserita gure eskuinetara, eta aurreko eserlekuetan beste bi emakume gazte. Halako batean, furgonetako kobradorea hasi zaio gure eskuineko neskari tokiz aldatzeko eskatzen. Aurrealdean, eserleku artean dagoen petriltxo batean esertzeko agindu dio, eta hark obeditu. Gure albora, gizon gazte bat etorri da.

Autobusa ia beteta dago, eta laster irtengo garen esperantza dugu. Orain, ordea, gure aurrealdean eseritako bi emakumeei hasi zaien hizketan kobradorea. Altxarazi egin ditu hauek ere eserlekutik, eta kanpora bidali ditu. Baita lehenago gure albotik petriltxora mugitu duen neska ere. Hirurak irten dira autobusetik. Haien ordez, beste hainbeste gizonezko sartu dira.

Banna neska gaztea

Neskek ez dute protesta handirik egin. Hasieran esan dute zerbait, baina irabaztekorik ez dute ikusi, nonbait, eta ez dute alferreko eztabaidan segi. Itxi du kobradoreak furgonetako atea, eta orain bai, abiatu gara.

Atzera begiratu dut. Aurkitutako irudia argigarri bezain mingarria izan da. Autobus geltokiko arbolaren gerizpean geratu diren denak, dozena erdi bat lagun, emakumeak dira. Tartean, gure alboan eta aurrean eserita egondakoak.

Estomagoko korapiloa askatu ezinda egin ditut lehenengo kilometroak. Neurri batean, errudun sentsazioa ere geratu zait, gertatutakoa eragozteko ezer egin ez izanagatik.

Kakoko merkatuan zalaparta erabatekoa da. Orain arte ikusitako afrikar merkatuekin alderatuta, inguru honetakoak, Behe Omo bailarakoak, desberdinak dira. Jendea da desberdina. Banna eta Ari tribuetako jendea elkartzen da hemen. Herriaren hegoaldetik etortzen dira batzuk, eta iparraldetik besteak.

Tabako eta kotoi saltzaileak

Zabalgune batean, lurrean eseri eta eguzkiaren egurtua jasotzen, emakume ugari ikus daitezke. Artoa, kafea, babarrunak… saltzen dituzte. Zapi baten gainean eserita daude, eroslea noiz gerturatuko zain.  Azokako beste puntu batean, kotoia eta tabakoa saltzen dute Banna emakume batzuk. Lurrean eserita hauek ere. Euretako askok adin laburreko umea dute bularretik zintzilik.

Gizonezkorik ez da apenas ikusten salmenta lanetan. Batera eta bestera dabiltza hauek, hizketan, ezti eta artoz egindako ardoa edaten…

Asmamawk proposatu dit behi eta emakumeen azokara. Hasieran ez diot ongi ulertu zer esan nahi didan. Borondatea badu mutilak, baina ingeles aldrebes samarra ere bai. Pentsatu dut ganaduak saltzen diren azoka izango dela bata, eta emakumeak soilik joan daitezkeena bestea, edo emakumeentzako osagaiak saltzen diren azoka. Bigarrenez azaldu didanean, ordea, zalantza gutxi geratu zait. Behiak saltzen diren azoka da bata, eta emakumeak saltzen diren azoka bestea.

Ganadu feria

Joan gara lehenengora. Santa Luzia azokako usaina etorri zait bat-batean. Behi eta zekorrak ageri dira zelai zabal batean. Tartean astotxoren bat ere bai. Nagusiek larruz egindako soka batzuekin eusten diete, inora alde egin ez dezaten.

Banna tribukoak aberatsak direla esan dit Asmamawk, ganadu asko omen dute eta hori aberastasun seinale da hemen. Behi bakoitza, batez beste, 800 edo 900 birr-etan saltzen omen da, 35 euro inguru.

Burutik kendu ezinda darabilt emakume azokaren kontua, eta Asmamawri berriz egin diot galdera. Kosta egiten zait oraindik halakorik gera daitekeenik pentsatzea, eta are gutxiago hain ageriko tokian, nahiz eta Afrikako lur galdu honetan egon. Baietz dio berak, behin eta berriz. Ahuntzak saltzen dituzten tokiaren alboan saltzen dituztela emakumeak. 300 birr inguruan bakoitza. Behiaren herena balio du emakumeak, alajaina!

Zein adinetako emakumeak saltzen dituzten galdetu diot Asmamawri. Sei urtetik hamabi bat urtera artekoak direla normalean. Emakumeak ezetz, orduan umeak direla esan diot. Bere erantzuna, baietz, umeak direla, baina ezkontzeko saltzen dizkiotela senargaiaren familiari.

Asmamaw-ren arabera neskatoak saltzen dituzten gunea

Joan gara tokira, eta ez da emakumerik ageri salgai. Pentsatu dut Asmamaw, agian, asmakeriatan dabilela, bisitaria inpresionatu nahian. Berak egia dela, berriz ere, serio. Azokatik alde egin omen dute jada, poliziarengandik ihesi.  Goizean goiz egoten omen dira, baina salmenta hau legez kanpokoa denez, polizia gainean izaten omen dute.

Kakotik bueltatu ondoren ere burutik kendu ezinda darabilt emakume salmentaren kontua.

Inguruan lan egiten duen norbaiti galdetzea erabaki dut. AMREF (African Medical Research Foundation) elkarteko Jinkako bulegoko buruari luzatu diot itauna. Beste kontu bat dela eta deitu behar nion, eta deia aprobetxatu dut kontua argitzeko. Berak Kakoko “salmenta” honen berririk ez du. Konfirmatu dit begi bistakoa dena, emakumeen eskubideak ez daudela gizonenen parean. Baina ez du salmenta honen berririk.

Addis Abeban,  EGLDAM elkarteko bulegoan egin dut azken galdera. Ohitura kaltegarrien kontra lan egiten duen elkartea da. Kako-ko kasu zehatzaren informaziorik ez dute, baina “abdukzioa“ zer den azaldu didate.

Awasako neska

Familiek normalean ezkontzan eman izan dituzte alabak, senargaiarekin edo haren familiarekin tratua adostuta. Normalean zaharragoa izaten da senargaia. Gizonezko gehienek, ordea, ez dute dotea ordaintzeko modurik, eta orduan, bahiketa eta bortxaketa dira irtenbidea. Behin bahitutakoan familiagandik aldendua da jada neskatoa, eta behin bortxatutakoan, bueltatzeko atea ixten zaio. Familiek ez baitute bortxatutako alabarik nahi, inongo gizonek ez bailuke emazte gisa onartuko. Neskatoa, une horretatik aurrera, hartu duen gizonaren zerbitzura makurtuko da. Bere buruari uko eginda biziko da aurrerantzean. Hori da “abdukzioa”.

Mendeetan praktika sistematikoa izan da Etiopian, inork auzitan jarri ez duena eta milioika emakumeren bizimodua mikaztu duena. Gaur egun legez kanpokoa da. Hori  egiten harrapatzen dutena auziperatu egiten dute. EGLDAM-eko bulegoan baieztatu didate, ordea, kasuak badaudela. Zenbat eta hirietatik eta administraziotik urrutirago, orduan eta errazago “ohitura” hauei eutsi nahi dietenentzat.

Hammer emakumea su-egurra bildu eta etxerako bidean

Ez dut lortu azkenean konfirmatzerik Kako-ko merkatuan neskatoak saltzen diren ala ez. Ez dakit Asmamaw asmakeriatan ibili den, ala benetan ari zen. Baina puntu honetara iritsita, berdin da.

Errepidean toki batetik bestera noala, autobuseko leihotik begiratzean, emakume ugari ikusten ditut. Basoan bildutako sutarako egurra daramate euretako askok bizkarrean, edo bidoi bete ur. Galderak sortzen zaizkit. Nolakoa izan ote zen emakume hauen nerabezaroa? Senarrak bahitu ondoren ezkondu al ziren? Euren familiaren bazterketa bizi izan al zuten? Erantzunik ez dut orain arte jaso, galderak ez baitu izan autobuseko leihoa zeharkatzeko barrurik.

Errebolta usaina Saharaz hegoaldera

Ezin da esan oraindik Afrika iparraldeko errebolta eta matxinada oldeak Saharako basamortua zeharkatu duenik, baina badira oso kontuan hartu beharreko bi puntu.

Bata Swazilandia. Asteartean hasitako protestak arrakastatsuak izan baitira, nahiz eta poliziak gogor ekin manifestarien kontra.

Bestea berriz Uganda. Elikagaien prezioak eta erregaiak asko garestitu ondoren, herritarrak kalera irten dira.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Kondoi eskasia Kenyan

Monbasako portura iritsi da, azkenean, kondoiez beteriko tsasontzi bat. 35 milioi kondoi bidali ditu Nazio Batuen Erakundeak, herrialdeak bizi duen eskasiari aurre egiteko.

Azkenaldian benetako arazo bihurtu da preserbatibo eskasia Kenyan. Gobernuak hiesari aurre egiteko duen agentziari amaitu egin baitzitzaizkion zituen erreserbak.

Egoera hain muturrekoa izanda, erabilitako kondoiak garbitu eta berriz erabiltzen hasi dira herritar asko.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Izar azpitik toldopera

Gaua bertan pasatzekotan iritsi naiz Dimeka-ra. Jinka-n hartu dut autobusa eguerdian eta arratsalde erdirako Behe Omo bailarako herrixka honetan nintzen. Asteartea azoka eguna da Dimekan, eta egun polita, inguruko herrixketatik etortzen diren Banna eta Hammer tribuetako andre-gizonak ikusteko.

Kafe saltzaileak Dimekan

Bero egiten du. Ongela izeneko mutil batek erakutsi dit ostatua non aurki dezakedan. Motxila bertan utzi, eta merkatura abiatu naiz segituan.

Emakumeak ageri dira lurrean eserita, saltzeko duten generoa aurrean erakusgai jarrita. Artoa dute batzuek, teff zekalea beste batzuek, eta kotoia eta tabakoa saltzen dutenak ere ikusi ditut. Kalabaza lehortuak ere saltzen dituzte postu batzuetan. Erditik moztuta, edalontzitarako erabiltzen dituzte lehenengo, eta behin edatekoa amaitutakoan, txapel gisa janzten dituzte.

Gizon batzuk ere ikusten dira atzera eta aurrera, baina gehienak taberna zuloetan daude. Parshe edaten dute, artoz, sorgoz eta eztiz egindako edari alkoholduna. Azoka eguna, askorentzat, mozkor eguna ere izaten da.

Ongelarekin topo egin dut berriz kalean. Azaldu dit ‘behien aita’ esan nahi duela bere izenak Hammer hizkuntzan. Ingelesa txukun egiten du mutilak, eta pare bat urte barru unibertsitatera joan nahiko lukeela dio. Galdetu dit noiz arte egongo naizen herrian. Esan diot gaua bertan pasa eta biharamunean naizela Turmira joatekotan. Buruarekin ezezko keinua egin dit. Biharamonean ez da herritik ez autobusik ez kamioirik pasako. Ez zait notizia gustatu.  Ostegunerako Konso-n egon beharra daukat eta bihar Dimekatik irten ezik, ezingo naiz iritsi.

Arbolapeko merkatua

Segituan proposatu dit Ongelak soluzioa. Iluntzean Isuzu kamioi bat pasatzekoa dela Turmirantz eta bertan joan naitekeela. Ordaindutako logelagatik lasai egoteko, konbentzituko duela hoteleko neska dirua bueltatzeko.

Ez zait irtenbide txarra iruditu. Bizpahiru ordu gehiago pasa Dimekan, eta gauerako Turmira. Hartara, posible izango dut ostegunean Konsora iristea.

Hoteleko neskari grazia askorik ez dio egin nik alde egiteak, baina ordaindutako diruaren zati bat behintzat bueltatu dit. Ulertzen dut, neurri batean, bere haserrea.

Seietarako gertu nago Isuzu kamioia geratzen omen den tokian. Ongela ere alboan daukat, eta beste mutil gazte bat alboratu zait, Wele. Gustura ari gara hizketan. Segituan batu zaigu solasaldira errepide-polizia ere. Lanez itotzeko arriskurik ez dauka gizonak herri honetan.

Izarratu dago zerua. Oso izarratu. Etiopiako beste gune batzuekin alderatuta Dimeka ez dago oso altu, baina herrian argi bakan batzuk daude soilik, eta zeruaren berezko argia oso eder ikusten da. Espektakuloak ez du preziorik.

Hammer gazteak Dimekan

Aspalditxoan izandako solasaldirik atseginena izan dugu izar azpian, Ongela, Wele, trafiko poliziak eta laurok.

Jardun dugu izarrei buruz. Galdetu didate ea gure herrian zerua berdin ikusten den. Hegazkinetik lurra nola ikusten den ere jakin nahi zuten, eta gure herrian elurrik egiten ote duen. Termometroa hogeita hamar gradutik gutxitan jaisten den tokian, lilura eragiten dute hotzak eta elurrak.

Berandu dator Isuzua, ez da inondik ageri, baina gustura gaude. Gainera, gustatu egiten zait pentsatzea ondorengo 30 kilometroak kamioiaren gainean jarri eta izarrei begira egingo ditudala.

Laster hasi da, ordea, panorama okertzen. Zeru bazter batetik tximista batek ihes egin du. Zortzi eta erdiak jota dira. Welek esan dit lasai egoteko, beste norabidean doala ekaitza. Laino beltzak, gero eta gertuago ikusten ditut nik, ordea.

Heldu da Isuzua, bederatziak jo berri direla, lehenengo tantekin batera heldu ere. Orain, ordea, espero ez nuen arazoa agertu zait. Kamioi gidariak nire atzerritartasunari etekina atera nahi dio. Farenji deitzen digute kanpotarroi. 250 birr eskatu dizkit 30 kilometro eskaseko bideagatik. Goizean autobusean 100 kilometrotik gorako bidea egin dut, eta 43 birr ordaindu ditut. Isuzu kamioietan, deserosoagoak izatera, bidaiak merkeagoak dira normalean.

Jendez betetako Isuzu kamioia

Ongela eta Wele jo eta su dabiltza gidaria konbentzitu nahian. Ez naizela turista, euren laguna naizela… Estimatu dut hiruzpalau ordu lehenago ezagututako mutilek horrelako ahalegina egitea. Euren abileziari esker lortu dute tarifa 70 birretara jaistea. Hiru euro. Ez da prezio ona, baina alternatiba hoberik ez daukat. Welek bere etxean gera naitekeela esan dit, baina Dimekatik ez da bizpahiru egunean beste garraiobiderik pasako, eta Konsora heldu ezinda geratuko naiz. Farenjiok, tarteka, bidesaria ordaintzea ere ez dago gaizki.

Euria tantonak gero eta sendoagoak dira. Motxilatik anoraka atera nahian hasi naiz, baina ilunpean ez dut ezer ikusten.
Beste zortzi bat lagun daude Dimekan kamioaren zain nirekin batera. Niri utzi didate lehenengo igotzen, ziurrenik farenjiak horrelako trastera igotzeko abileziarik ba ote duten ikusteko. Ez diet irrirako motiborik eman. Xuxen eskalatu dut kamioiaren kanpoaldea, eta jauzi bat eginda kokatu naiz barruan. Ongela eta Welek behetik pasa didate motxila. Hala agurtu ditut.

Kamioiaren barruan aurreko herritik datozen hiruzpalau lagun geratu dira, patata eta arto zakuen gainean eserita. Kamioiaren mutur batean gizaseme bat dago lurrean, hiru oilanda hanketatik heldu eta buruz behera dituela.

Nire atzetik kamioira igo direnetako batzuek zakuak daramatzate, artoz erdiraino beterik. Ez dakit Dimekako merkatuan erositako generoa den, ala saldu ezinda geratu zaiena. Hiruzpalau oilo eskuan dituela igo da beste emakume bat.

Patata zaku baten bazterrean esertzeko modua egin dut. Anoraka bilatzeko lanari serioago ekin diot abiatu aurretik. Sakelako telefonoa alper xamarrekoa da herri honetan, ez baitago estaldurarik, baina pantailak botatzen duen argia ongi etorri zait motxila barrutik zira ateratzeko. Neu bustitzeak ez nau gehiegi arduratzen, baina ordenagailua, argazki kamera eta grabagailua ditut poltsan, eta haiek bustitzerik ez nuke nahi.

Behe Omo bailarako herrixka

Abiatzearekin batera euria ere mardul hasi da, azeleragailua sakatu ahala eroriko balitz bezala. Desagertu dira lehen hain gustura behatutako izarrak. Kamioiko kobrantza lanak egiten dituen mutilak toldoa bota du gainaldean. Izar azpiko ibilbidea behar zuena, toldopeko bide bilakatu da.

Toldoa zabaltzea lortutakoan, ez berehala, bazterretatik gertu gaudenoi hari eusten jarri digu lana, haizeak altxa eta eraman ez dezan.

Euria gogotik ari du. Tximistak bata bestearen atzetik, toldopetik ere ikusteko modukoak. Errepidea, berriz, orain arte topatutako makurrenetakoa. Hori da jauzi egin beharra! Hori zuloetako sartu-irtena! Salto horietako bakoitzean oihu abstraktu bat irteten zaigu barruan goazenoi, baita oiloei ere, astindua ez zaigula gustatu erakutsiz bezala.

Toldoari eusteko gogotik egin behar da indarra, haizeak gogor jotzen baitu. Eskua eta besoa bustita ditut estalkiaren muturretik sartzen den urarekin. Bizkarra ere bai, atzeko emakume gazteak ganora handiegirik ez baitauka tapakiari eusten. Burua makurtuta daukat, toldoak tope egin eta bizkarrezurra erabat zuzentzeko betarik ez baitu uzten. Patata zakutik altxa eta lurrean esertzea pentsatu dut, baina ez naiz ausartu, oilo zirinak egongo diren beldurrez.

Hamer emakumea

Itsasoan enbata denean, eta olatuek txalupa batera eta bestera darabiltenean, sentsazioak antzekoa behar duela etorri zait burura. Soldaduak kamioietan sartu eta maniobretan dabiltzanean ere, antzera ibiliko direla pentsatu dut. Soldadutza egin gabeoi zaizkigula horrelako esperientziak arrotz, esango luke bakarren batek.

Deserosotasuna berandu baino lehen amaituko dela badakidanez, gauza bakarra daukat eskatzeko. Turmira heldutakoan lotarako lekua erraz bilatzea. Holako astinduaren ondoren, eta gauerdia urrun ez denean, ez nuke galduta ibili nahi, batera eta bestera, herri ezezagunean.

Ordubete pasatxokoa izan da ibilbidea. Atertu du iritsi garenerako. Gidariak, gehiago ordaindu dudalako, agian, Turmin dagoen ostatu bakanetako baten aurrean utzi nau. Galdetu dut bertan, eta baietz, badutela lotarako tokia.

Ez dut, ordea, lo askorik egin. Beroak eta logelako intsektu anitzek eurenak eta bi egin dituzte niri loa galarazteko.  Bidaiako zalaparta eta astinduek erasanda ere banago, gainera. Egunbete igaro da digestioa normaldu eta berriz jan ahal izan dudanerako. Izar azpian eserita afaldu dut.

Nigeriako hauteskundeak. Garbiak oraingoak?

Bihar hasiko dira hauteskundeak Nigerian, agindutakoa baino astebete beranduago. Berez, aurreko larunbatean hasi behar zuten nigeriarrek parlamenturako ordezkariak aukeratzen. Baina antolaketa arazoak tarteko, hauteskunde batzordeak astebetez atzeratu zituen bozak.
Afrikako herrialderik populatuena da Nigeria, 160 milioi biztanle ditu. Petrolio produktore handia da, baina petrolioak emandako aberastasuna gutxi batzuengana heltzen da soilik, eta herritarren gehiengoa pobretuta bizi da. Erlijio talde eta etnia desberdinen arteko borrokak, bestalde, etengabeak dira.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.