Futbola eta tuberkulosia

Itxura batean elkarren artean loturarik ez duten bi kontu dira, baina Etiopian, zehazki Addis Abeba hiriburuan, lotura zuzena dutela aurkitu dute.

Nazioarteko futbola ikustera, tartean Espainiako edo Ingalaterrako liga ikustera herritar andana gerturatzen da satelite bidezko telebista dagoen tabernetara. Bada, osasun arduradunek igarri dute toki horietan tuberkulosi kutsadura kasu ugari gertatzen dela. Urtean 13 bat mila tuberkulosi kasu atzematen dira soilik Addis Abeba hiriburuan.

Euskadi Irratiko albiste Faktoriarako egindako kronika.

Errepublikaren jaiotza prestatzen

Herrialde  independente bat osatzeko bidea nolakoa den, horixe ikus daiteke hilabete hauetan Sudan Hegoaldera begiratuz gero.

Iragan urtarrileko erreferendumaren ondoren, Sudan hegoaldeko agintariak urratsak ematen ari dira uztailean estatu independente bezala hasteko.

Gobernu autonomoak aste honetan egindako bileran erabaki du bandera, ereserkia eta txanpona zeintzuk izango diren. Herrialdearen izen ofiziala zein izango den ere erabaki dute, Sudan Hegoaldeko Errepublika.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Disidentzia kontrolpean Etiopian

Etiopiako gobernuak ez du Afrika Iparraldean izandako altxamenduen antzekorik nahi eta oposizioko kideak atxilotzeari ekin dio.

Azken astebetean oposizioko 250 kide baino gehiago atxilotu ditu poliziak. Nora eraman dituzten ez dakite.

20 urte daramatza agintean Etiopiako lehen ministroak, Meles Zenawik.  Iazko maiatzeko hauteskundeetan berriz aukeratu zuten. Oposizioko indarrek, ordea, salatua dute hauteskunde haiek ez zirela garbiak izan.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Listroak

Euren lana egiteko makurtu beharra dute. Baina lurra ez zaie urruti geratzen, bizitzak ez baitizkie 6 urte baino askoz gehiago eman hazteko. Lepoa moztutako bidoi txiki bat daramate esku batean, ur apur bat eta zimurtutako trapua barruan dituztela. Beste eskuan, berriz, egurrezko kaxatxoa betun eta zepiloarekin. Zapata garbitzaileak dira. Listro deitzen diete bertakoek, italiarren inbasio urteek utzitako eragina.

Noren zapatak garbituko

Munduan beste toki askotan ere badira, baina apustu egingo nuke zapata garbitzaile kopuruaren rankinga eginez gero, Addis Abeba ez legokeela goiko postuetatik urruti. Hiriko zoko guztietan ageri dira. Batzuk, toki batean geldi. Beste batzuk, aldiz, batera eta bestera mugituz, bezeroak non topatuko.

Aurrean pasatzen den orori begiratzen diote oinetara. Addis Abeban zapatak hautsez beteta eramatea erraza da oso. Hiriak moderno itxura badu ere, ohikoak dira espaloietako zuloak eta hondar piloak. Listroek normala baino hauts gehiago ikusten badiote inori, segituan egiten diote garbitzeko keinua. Aurretik pasa zaiena azal zurikoa bada, berriz, zapatak garbiak izanda ere eskaintzen dute euren zerbitzua.

Argi izan dut hasieratik ez niola eskatuko zapatak garbitzeko inongo umeri inongo momentutan. Umeei lan hori egiteko eskatzea, edota eskean dabilen haurrari dirua ematea, hurrengoan beste hainbeste egiteko irakasbidea da, kaleko bizitzan iraunkortzeko deia. Inguruan helduren bat badu, gainera, helduak haurra erabili ohi du balizko diru emailearen bihotza samurtzeko.

Ezezkoa ematea ez da beti erraza, ordea. Sabela ondo beteta kalean zoazela, eskua ahora daraman neskatoa alboan jarri eta zure atzetik egiten dituenean metro batzuk, kosta egiten da eskua poltsikora ez eramatea. Niri behintzat, kosta egiten zait.

Listro saiatua

Buelta gaitezen zapata garbitzaileengana. Umeak aipatu ditut, baina zapata garbitzaile helduagoak ere dezente daude. Horietako gehienek postu finkoa dute jarrita. Egur hesola batzuez egindako estalpe modukoa da, toldo batekin estalitakoa. Beste batzuetan, kaleko petrilak baliatzen dituzte lanerako. Esertzeko eskatzen diote bezeroari eta hura eseritakoan hasten da garbiketa.

Zinez sentimendu kontraesankorrak sortzen dizkidan zerbitzua da zapata garbitzaileena. Deseroso sentiarazten nau inor nire hanketara makurtuta ikusteak. Zerbitzu hori emateko eskatuz, ariko banintz bezala garbitzailearen duintasunari eraso egiten, neure burua aurrean dudan horren gainetik jartzen.

Kontuari begira dakioke beste saihets batetik ere, ordea, kontu gehienekin gertatu ohi den legez. Erreparoan, ez al dago inplizituki zapata garbitzaileen lana gutxiesteko modu bat? Zergatik ez onartu, tindategian arropa garbitzen duten bezala, edo gasolindegietan autoak garbitzen dituzten bezala, kalean gizaseme batzuek zapatak garbituz bizimodua irabaztea? Duinagoa al da ile apaintzaile batek burua garbitzea, listro batek zapatak garbitzea baino?

Listroak Arat Kilon

Proba egitea erabaki dut. Eseri naiz hemen nagoenetik kalean ia egunero ikusi dudan hogeita bost bat urteko mutil irribarretsuaren postuan. Goizero egin dut topo kalean berarekin eta egunero eskaini dit zapatak garbitzeko. Jardunak emaitza eman dio gazteari.

Betuna gordetzen duen egurrezko kaxaren gainean jarrarazi dit zapata eta hasi da garbitzen. Lehenbizi, trapuarekin. Trapua busti eta zapataren hautsak kendu ditu gartsu. Zapata batekin amaitutakoan, kaxatxoan kolpea jo eta hankaz aldatzeko adierazi dit.

Aitzakiarik gabeko garbitua

Hautsa desagerrarazitakoan, betuna emateko unea da. Zepiloaren punta betunetan zikindu, eta hasi da atzera eta aurrera, gora eta behera, txundigarria den abileziaz eta abiaduraz. Bi eskuak baliatzen ditu orpoaren aldetik zepiloa pasatzerakoan. Lau bat minutuan amaitu du lana. Nire zapatek sekula ez dute horrelako distirarik izan.

Ez naiz jauntxo sentitu. Etengabeko solasean jardun dugu garbitzaileak, inguruan erdi aspertuta ziren bere bi lankidek eta laurok. Baina ez dakit berriz eseriko naizen. Erreparoa erabat gainditu dudanik ez nuke esango.

Ondorengo egunetan ere ikusi dut garbitzaile bera kalean. Lanpetuta oso, egunotan euri dezente egin baitu Addis Abeban. Espaloi zulatuetako hautsa lokatz bihurtu da, eta egun eguzkitsuetan baino zapata gehiago jarri zaizkie listroei aurrean.

Swazilandian ere badirela!

Swazilandian gaur da hastekoa errebolta. Halaxe diote sindikatu eta ikasle taldeek. Gaurko deitu dituzte Afrika Iparraldean inspiratutako protestak.
Hego Afrika eta Mozambike artean kokatutako herrialde txikia da Swazilandia, azken 25 urteetan errege totalitario baten agintepean bizi dena.
Irakasleen eta erizainen sindikatuek greba egingo dutela esan dute, eta ikasle elkarteak ere protestaren aldeko dira.
Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Nigerreko hauteskunde garbiak

Afrikatik iristen diren borroka kontuak hizpide izaten dira sarritan, baita liskar giroan amaitzen diren hauteskunde prozesuak ere. Bigarren mailan geratzen dira, ordea, askotan aipatu gabe, era baketsu eta arrakastatsuan egiten diren hauteskundeak.
Nigerren hauteskundeak izan dituzte asteburuan, eta historikoki oposizio buru izan den gizona, Mahamadou Issoufou aukeratu dute presidente. Botoen %58 bereganatu du.
Afrikako Batasunak eta Afrika Mendebaldeko Estatuen Erkidegoak zoriondu egin dute herrialdea hauteskunde prozesu baketsu eta garbiagatik.
Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Addis Abeba, lore berria

Hegazkinetik jaitsi eta loreak ikusi ditut ugari. Jende dezente dago aireportuko itxarongelan, euretako askok eskuan lore sorta dutela, bidaiatik datorrenari ongi etorri usaintsu eta koloretsua eskaintzeko prest.
Addis Abeba, berez, lore berria da. Hori esan nahi du hiriaren izenak Amharera hizkuntzan.
Hiria fundatu aurretik, iparraldeko erreinuetatik iritsi zirenek lorez beteta aurkitu omen zuten orain hiria dagoen zabalgunea. Addis Abeba deitu zioten.

Loreak salgai

Izenari ohore eginez loreak oso ageriko dira egunerokoan. Ez da harritzekoa gizonak ikustea etxerako bidean dozena erdi arrosa eskutan hartuta, edo emakumeak kalean paseatzea oparitu dieten lilia erakusten dutela.

Banekien munduko kafe produktore nagusienetako bat dela Etiopia, baina ez nekien lore esportatzailea ere badenik. Loreak saltzen ditu hemengo lagun baten arrebak, eta esportatu ere egiten dituzte antza. Egunero bidaltzen dituzte Amsterdamera eta Japoniara ehunka lore sorta, hegazkinez. Esportatzeko gai polita iruditu zait.
Lore sorta horiek guztiak begien aurrean ditudala, kontenplazioei utzi eta bisatua eskatzeko ilaran jarri behar izan dut. Dozena bat lagun baditut aurrean, baina bizkor ari dira immigrazio agenteen mahaietara gerturatzen. Bat ezik, gainerako agente denak emakumezkoak dira.
Agentea aurrean dudala, eta nire datuekin betetako txarteltxoa entregatzean, ekintza bakarrean egin ditut kazetari batek beti egin behar lukeena eta sekula egin behar ez lukeena. Beti egin behar lukeena: egia esatea, kasu honetan lanbidez kazetaria dela aitortzea. Sekula egin behar ez lukeena: prentsari errezeloz begiratzen dion herrialdean sartzerakoan kazetari dela aitortzea.
Segituan hartu diote nire bidaiari usain txarra. Ea zein eratako kazetaria naizen, zenbat denbora pasatu behar dudan, lanik egiteko asmorik ba ote dudan… Bata bestearen atzetik galderak.
Azkenean, jarritako errugabe aurpegiak konbentzitu ditu nonbait aduanako ofizialak eta baimena eman didate herrialdean hilabetez behintzat egoteko. Baimen horren luzapena lortzea beste kontu bat izango da.

Hiri modernoa

Sorpresa eragin dit hiriak, bertakoek deitzen dioten moduan, Addisek. Espero nuena baino askoz ere modernoagoa topatu dut.
Hamar solairutik gorako eraikin kristaltsuak ugari aurki daitezke, etxe berri asko ari dira egiten, merkatal gune eta dendak nonahi aurki daitezke, hotel dotoreak ugari dira eta interneterako konexioa nahikoa bizkorra da. Bestalde, errepiderik gehientsuenetako asfaltoa egoera onean dago, nahiz eta espaloiak hauts eta harri pilaz josita egon. Oinezkoak, hemen ere, bigarren mailako dira gurpildunen alboan.
Diplomatikoen hiria da Addis Abeba. Afrikako Batasunak hemen dauka bere egoitza, Nazio Batuen Erakundeak ere Afrikako ordezkaritza nagusia bertan dauka, eta negozio gizonak hara eta hona ikusten dira.
Hori guztia esanda, kosta egiten da sinestea munduko herrialderik txirotuenetakoan gaudela. Munduko Bankuaren arabera 10 herritarretik ia 7 egunean 2 dolar baino gutxiagorekin bizi dira.
Hiriburutik irtendakoan nabarmenagoa da, nonbait, pobrezia, baina hirian bertan ere, modernitate eta luxu artean, badago pobrezia arrastorik.
Arrastoetako bat, gobernuz kanpoko erakunde piloa. Kalean zoazela, bai atari batean bai hurrengoan, GKE-ren baten karteltxoa ikus daiteke. Europa eta Amerikakoak dira gehienak.

Zapata garbitzaileak

Pobreziaren beste erakuslea, eskale andana. Inon ez dut nik hainbeste jende eskean ikusi. Euretako asko ama gazteak dira, ume txikia lepoan dabiltzanak. Adineko gizon-emakumeak ere ugari, baita ezintasun fisikoren bat dutenak ere. Orain arte sekula ikusi gabeko arazo fisikoak ikusi ditut hemen egun gutxian. Oso era irregularrean hazitako zangoak, buruaren gainalde osoa estaltzen duten zauriak, zatiren bat falta duten besoak…
Eskekoengandik gertu, itxura nahikoa antzekoarekin, saltzaileak dabiltza. Euretako asko umeak dira, gainera, hamar urtera iristen ez direnak. Batzuk telefono txartelak saltzen dituzte, beste batzuk musuzapiak, txikleak, edo bestela zapatak garbitzen uzteko erregutzen dute. Eskaintzen duten hori baztertuz gero, hurrengoa erregutzea da, eskuin eskuko atzamar punta guztiak elkar ukituz jarri eta ahora gerturatzea. Gose direla adierazi nahi dute.
Kaleko giroak, bestalde, mundu arabiarra gogorarazten dit. Ez naiz Ekialde Hurbilean inoiz izan, eta gutxi dakit inguru hari buruz, baina nire mapa mentalean hangotzat ditudan ohiturak aurkitu ditut hemen. Buruan zapi zuriak jarrita babesten dute emakumeek azala eguzkitatik, eta gizon taldeak kafetegietako eserlekuetan ikus daitezke, tertulian. Errezorako deiak sarri entzuten dira meskitetako bozgorailuetatik, nahiz eta kristau ortodoxoak izan etiopiar gehienak. Eta musika, toki guztietan presente dagoen musika, amhareraz kantatua gehienetan, erabat kutsu arabiarrekoa iruditu zait.
Mahmoud Ahmed da horren adibide, bertakoek hainbeste maite duten kantautorea, kantari izan aurretik zapata garbitzaile izan zena.

 

Diplomaziaren porrota

Boli Kostako egoera baketzeko negoziazio ahaleginek berriz ere huts egin dute.
Afrikako Batasunak Boli Kostarako izendatutako talde bereziak bi eguneko bilera berezia egin du Addis Abeban. Alassane Ouattara aitortu dute iazko azaroan egindako hauteskundeetako irabazle, baina presidente kargua utzi nahi ez duen Laurent Gbagbo-ri batasun gobernu baterako aukera utzi diote.
Gbabgo-ren ordekariek ezezko borobila eman diote proposamenari.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Urrearen garestia

Nigeria iparraldean 400 ume hil dira azaroaz geroztik berunak pozoituta. Urre meategietatik dator berun kutsadura, batez ere legez kanpoko meategietatik.

Nerbio sisteman eta haurren garapenean oso ondorio larriak ditu berunak, askotan heriotza eragiterainokoak.

Nigeriako larrialdi kudeaketarako agentziak jakinarazi duenez, meategiak dauden herri batzuetan atzemandako berun maila baimendutakoa baino 500 aldiz handiagoa izan da.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

 

Azken afaria

Egoera berrietara ohitzeko dugun gaitasuna askotan harritzeko modukoa da. Onerako eta txarrerako. Zerbait ohiko bihurtzen denean, begien aurrean sarritan ikusi dugunean, nobedade izateari uzten dio, eta eragiten digun inpaktua ezdeusa bihurtzen da.
Injustiziekin ere halaxe gerta liteke. Askotan errepikatzen bada, ez zaigu hainbesteko injustizia iruditzen, naiz eta injustizia beti den injustizia. Kazetaritza erregistroan, notizia izateari uzten diola esango genuke.

Ura eskura

Blog honetan idatzitako lehen testuei begiratu bat eman diet Ghanatik irteterakoan. Azken bi hilabetetan bizitakoari errepaso moduko bat izan da.
Eta hain zuzen horretaz konturatu naiz, egoeretara ohitzeko dugun gaitasunaz. Hasieran oso deseroso zitzaidana, gogor suertatutakoa, ohiko bihurtu dela.
Lehenengo egunetan gogorra egin zitzaidan ur korronterik ez zuen etxean egotea. Gerora egon naiz ur korrontedun etxeetan, baina baita ez dutenetan ere. Auzoko iturritik ura hartuta bizi diren etxeetan pasa ditut egunak. Eta azkenerako ez zait deseroso egin. Ziurrenik ohitu naizelako, eta ikusi ditudalako auzoan ere urik ez duten herriak, eta alboko herrixkara edo erreka zikinera joan behar dutenak ur bila.
Gustua hartu diot baldetik ura hartu eta ontzi txiki batekin gorputza bustiaz dutxatzeari. Are, telefono itxurako dutxa izan dudan apurretan, hura baztertu eta baldeari egin diot ohore.

Kaleko sukaldeak, kaleko jantokiak

Antzera gertatu zait jatekoarekin. Hasieran estutu egin nintzen jatekoak Ghanan eskaintzen duen barietate mugatuarekin. Lehenengo egunean probatu nuen banku eta arraina, bigarrenean arroza jollof eran prestatua oilasko zati batekin, hirugarren egunean fufu ahuntz haragiarekin, eta hortik aurrera bi aukera geratzen dira: Zikloari berriz ekitea, osagai horiek eta beste bakar batzuk euren artean konbinatuz, edo zirkuitu turistikora joan eta europar estiloko janariren bat bilatzea diru dezente gehiago ordainduz.

 

Banku eta okru

Bakarren batean janari saltzaileren batek aurpegi arraroz begiratu nau.Gerturatu naiz galdetzera zer duen eskaintzeko eta erantzun dit banku egiten duela berak. Esan diot bezperan jan dudala banku eta beste zerbaiten bila joango naizela. Saltzailearen aurpegiak adierazi dit ez duela erantzuna ulertu. Eguna joan eta eguna etorri berdina jaten bizi direla asko, alegia. Egunero jatekoa izatea zortea den tokian, eta batzuk hori ere ez dutenean, barietatea luxua da. Egon badago barietatea, baina gutxi batzuentzat.

Fufu, barazki zopa eta oilaskoa

Banku da bertakoek gehien jaten dutena. Fermentatutako arto irinez eta manioka irinez egindako orea da. Eskuarekin hartzen da, bolatxo moduko bat egin atzamarrekin, eta zopa batean bustita jaten da. Zopa, normalean, tomatez, kakahuetez, edota barazkiren batekin eginda egoten da. Pipermina botatzerakoan kontu gehiegirik ez dute izaten, normalean.
Arrain zatiren bat jartzen diote batzuetan bankun eta zopari. Beste batzuetan, haragi zatiren bat. Ez dira zati gihartsuak. Ahuntz edo behi haragi zatiak dira, normalean hanketatik edo beste eremu gelatinatsuren batetik hartutakoak. Behiaren edo zekorraren alde xamurrak beste nonbaitera eramaten dituzte, antza.
Fufu gehiago gustatu zait niri. Antzeko orea da, hau ere eskuekin jaten da. Manioka irinaz aparte platano irina du. Bankun orearen zaporea baino errazago sartu zait. Bere lagungarriak antzekoak dira, zopak eta haragi zatiak.

Banku eta patata tortila

Auzoan, lagunekin agurtzeko egin dugun afarian banku jan dugu, Kofi lagunaren etxean. Arrain apur batekin eta piper eta tomate saltsa prestatu du Kofiren bizilagunak.

Alboan, patata tortilla pare bat jarri ditugu. Horiek Euskal Herriko erara prestatuak, tipula gorri eta guzti. Kuriosoa behintzat izan da konbinazioa, baina afrikarrei gustatu zaie.
Gero, auzoko lagunek dantza egin dute eta saiatu naiz mugimenduren bat imitatzen. Batzuek eskeletoari ematen dioten astindua ikusita, ordea, nahikoa lan lotsa gainditzen.