Txanpon baten truke…

Addis Abeban baino eskale gutxiago topatu dut hiriburutik irten naizenetan. Landa eremua utzi eta hiriburura aukera bila joaten direnetako askori, argi dago, hobetu baino okertu egiten zaizkiela bizi baldintzak.

Tigray-ko emakumea etxeko atarian

Hiriburutik kanpora irtendakoan, ordea, eskale gutxiago topatu arren, beste inon baino jende gehiago gerturatu zait dirua eskatzera. Gerturatu zaizkidanak ez dira inoren errukia eraginez dirua atera nahian dabiltzanak. Eskolarako, lanerako edo merkaturako bidean azal zuriko farenji bat ikusi, eta lotsa eta erreparorik gabe dirua eskatzen duten eskatzaileak dira. Agurra bera erabiltzen dute, sarritan, horretarako: “Hello, 1 birr?”.

Etiopian egin ditudan hilabeteetan zer pentsatua ugari eman dit jokabide honek. Bertakoek atzerritar zuriekin horrelako jarrera zergatik duten aztertzen hasita, bi arrazoi nagusi datozkit burura: kooperazioa eta turismo arduragabea.

Dorze-ko neskatoa

Etiopia gobernuz kanpoko erakundez josita dago. Hiri guztietan eta herri handi gehienetan ikus daiteke Europako edo AEBko agentziaren baten bulegoa. Errepidean berriz, etengabe gurutzatzen dira elkarte borondatetsu hauetako auto handiak.

Elkarte horiek egiten duten lana sakon baloratzeko adina datu eta ezagutza ez daukat. Iruditzen zait batzuek lan polita eta beharrezkoa egiten dutela, eta beste batzuek lortzen duten bakarra diru emaile aberatsen kontzientziak lasaitzea dela.

Dead Aid liburuaren azala

Esku artera berriki iritsi zaidan liburu batek dio erabat kaltegarria dela laguntza oro. Dead Aid da liburuaren izena. Dambisa Moyo ekonomialari eta idazle zambiarra da egilea. Bere tesi nagusia da azken 50 urteetan Afrikara bideratu diren milaka milioiek ez dutela pobrezia handitu baizik egin. Herrialdeek laguntzarekiko menpekotasuna garatzen dutela dio Moyok, gobernuen ustelkeria areagotu egiten duela debaldeko diruak, eta espiral horretatik irtetea zaila dela oso. Emandako laguntzek pobretu egin dutela, alegia, lehenagotik nahikoa pobretuta zegoen kontinentea. Laguntzari muzin egin eta eurek diseinatutako bidea jarraitu duten herrialdeen ereduak goraipatzen ditu egileak, egoera hobean daudela erakutsiz. Ez dut oraindik liburua irakurri, baina itxura polita du.

Turismoa da diru eskatzaileak hain ugari izatearen beste arrazoia. Etiopiara bisitari asko gerturatzen da. Antzinako kulturen erakusle diren gaztelu eta elizak ikustera etortzen dira asko, eta ohitura zaharrei eusten dieten tribuak ezagutzera beste batzuk.

Konturatu naiz turismoaren bueltan sortzen diren hartu-eman gehienetan ez duela giza harremanak apenas garrantzirik. Etortzen direnetako askok argazkiak ateratzea nahi dute, soilik.

Turistak Omo bailaran (Argazkia: Jean Sébastien Mora)

Tribu berezia bera ikustea eta haren ohiturak ezagutzea baino, argazki koloretsu eta ikusgarria ateratzea dute helburu. Momentua betikotzea, eta etxekoei zein lagunei halako tokitan izan direla erakustea.

Bertakoek, berriz, argazki horren trukean jasoko duten dirua nahi dute. Besterik ez. Argazkilariaren inguruan inongo kuriositaterik ez dutela esango nuke. Ohituta daude 4X4 dotoreetan Addis Abebatik bidaltzen diren turista paketeak jasotzen. Herrixkara iritsi, argazki batzuk atera eta hurrengo herrira joaten dira, zerbaitetan desberdina den tribu bati, antzeko parajean, erretratuak ateratzera. Auto dotorea eta uzten duten dirua dira bisitariak bertakoei erakusten dieten bakarra. Aurrerako geratzen den erreferentzia bakarra, ondorioz, horixe da.

Nekagarriak egin zaizkit egun asko. Nekagarriak eta mingarriak. Pena sentitu dut batzuetan, jendea dirua eskatzera hain erraz makurtzeagatik. Lanera edo eskolara doanak bere bidea utzi eta bisitariari eskua luzatzeak zerbait ez dabilela ongi erakusten baitu. Beste hainbeste gertatzen da merkatuan artoa edo kafea saltzen ari denak, saltzeko duen generoa eskaini ordez, dirua eskatzen duenean. Erosiko nioke ba kafea, gustura!

Shire-ko ume jostariak

Haserrea sentitu dut beste askotan. Hankadun txanpon bezala ikusi dudalako neure burua, eta gogaitu egin nautelako eskatzaile desatseginek. Eskean datorrena umea denean konponbidea erraza da: jolasean hastea. Txantxetan hastearekin batera ahazten zaio umeari, eta ondorioz norberari, dirua edo boligrafoa eskatuz gerturatu dela. Eskatzailea heldua denean, ordea, kosta egiten da egoerari buelta ematea. Ez da erraza hortik haratago pertsona horrekin harremanik garatzea.  Egunen joanean zeure baitan ixten zara, eta errazago egiten duzu bertakoez paso.

Birplanteatu beharreko kontuak iruditzen zaizkit biak, kooperazioa eta turismoa. Kanpotarrok arduratsuago jokatu behar genuke bi alorretan, ziurrenik. Baina, batez ere, bertakoek erabaki behar dute nahi dutena zer den. Laguntza zein puntutaraino behar duten, turismoari noraino eta nola zabaldu nahi dizkioten etxeko ateak, horrek etxekoen bizimodua nola erasaten duen… Askok ume bezala tratatu arren, eta gozokiak errazago lortzeko, tarteka, berak ere ume gisa jokatu arren, Afrika ez baita umea.

Eskolako bidea ikasiz

Saharaz azpiko Afrikan gero eta eskolatutako haur gehiago dago. Unesco-k argitara eman berri duen txostenaren arabera, gobernuek urtetik urtera hazi egin dute hezkuntza sistemara bideratutako aurrekontua, eta hori emaitza oso onak ari da ematen. 2000 urtean 89 milioi haur ziren lehen hezkuntzan, 2008an berriz,129 milioi ikasle. Ikasle kopurua bakarrik ez, Unesco-ren arabera hezkuntzaren kalitatea ere  hobetu egin da Afrikan.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Saharako haizearen zain

Saharaz hegoaldeko herrialdeetan ere izan dira kontinentearen iparraldean bezalako erreboltak hasteko ahaleginak. Orain arte, ordea, arrakastarik ez dute lortu. Herrialde arabiarretan jendea kalera bultzatu duten bizi-baldintzak eta ustelkeria egon badaude.

Horrela hasten da Berria egunkarirako egindako erreportajea. (Apirilaren 19an argitaratua). Hemen ikus dezakezu.

Swazilandian ere badirela!

Swazilandian gaur da hastekoa errebolta. Halaxe diote sindikatu eta ikasle taldeek. Gaurko deitu dituzte Afrika Iparraldean inspiratutako protestak.
Hego Afrika eta Mozambike artean kokatutako herrialde txikia da Swazilandia, azken 25 urteetan errege totalitario baten agintepean bizi dena.
Irakasleen eta erizainen sindikatuek greba egingo dutela esan dute, eta ikasle elkarteak ere protestaren aldeko dira.
Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Igandetan elizan…

“Ez al zoaz elizara?”, galdetu dit soineko koloretsuz  dotore jantzita datorren emakumeak. Nire praka nasaiak eta mahuka motzeko kamiseta ikusita ez dit zeremonia itxura handirik hartu, nonbait.

Ez da galdera hori egin didan lehenengoa. Ghanara heldu nintzenetik, esango nuke, astero entzun dudala.

Elizako dantzak

Gero eta sekularizatuago dagoen gure gizarte mendebaldarrean arraroa litzateke horrelakoak entzutea. Beno, agian arraroena ezezagunari hitz egitea litzateke. Hemengoak, ordea, ezin du ulertu erlijio gabeko gizarterik, eta ondorioz pertsonarik.

Kristauak dira gehienak Ghanan. Islama ere hedatua dago eta meskitak nonahi ikusten dira, baina gutxiago dira musulmanak.

Elizara bidean, emakumezkoek soinekoa dute jantzita eta buruan oihal berdinez eginiko zapia. Gizonezko batzuk prezisioz lixatutako praka eta alkandorak daramatzate soinean. Beste batzuk, helduenek, sorbalda bat eta bular zati bat agerian uzten dien jantzi tradizionala. Estanpatua da gehienetan, nahiz eta batzuetan beltza ere baden.

Pasioz betetako ospakizuna da meza. Aurpegian espresio sentitua jarrita kantatzen dute denek, begiak itxita eta ezpainak eta eskuak gogor estutuz. Tarteka dantza eta txaloentzat unea ere iristen da.

Kantu eta otoitzen artean, sermolari nagusi batek jarduten du. Luze. Bera da artzaina, eta berari dagokio ardiei asterako bidea erakustea. Alferkeria alde batera utzi beharraz aritu da gaur, probetxuzko gizona izateak duen garrantziaz. Probetxuzko emakumerik ez du aipatu.

Taxiaren atzealdea

Erlijioaren presentzia, ordea, ez da elizara mugatzen. Alde guztietan dago Jainkoa. Tro-tro eta taxi gehienek dute haren izena letra koloretsuz jarrita. Batzuk Jesus deitzen diote, beste batzuk Allah, beste batzuk soilik Jainko. “Jainkoak maite nau”, ”Berak salbatuko gaitu”, “Deabrua gezurtia da” eta “Allah gurekin dago” bezalakoek auto kristal ugari apaintzen dituzte. Gidariak sarritan darama errosario bat eskumuturrean, eta bolante gainean gurutzeren bat izatea gauza normala da.

Motozerra saltokia

Kale kantoi orotan ere nabarmena da sinestedunen presentzia. “Kristogan sinesten dugu motozerra saltokia”, “Jaungoikoaren izenean ile-apaindegia”, “Santu guztien supermerkatua” edo “Shei Allah saltokia”. Bedeinkazio gabeko negoziorik ez dago.

Telefonoa hondatu eta berria erostera joan naiz orain gutxi merkatura. Postu batean baino gehiagoan egin dut galdera, batetik bestera prezio alde handiak egoten baitira. Ez soilik telefonotan, produktu denetan. Postu batean 70 zentimo balio duenak, albokoan 20 balio izatea ez da harritzekoa. Gure merkataritza eskemak ez du aplikaziorik hemen. Dendari bakoitzak iruditzen zaiona eskatzen du, eta askotan nahiago dute prezioa jaitsi baino saldu gabe geratu.

Batarekin eta bestearekin hitz egin ondoren, aurkitu dut nahi dudan telefonoa, adostu dugu prezioa eta erosi dut. Hizketarako gogoz segitzen du, ordea, saltzaileak. Zein elizatara joaten naizen galdetu dit. Erreakzioa ikusteagatik bakarrik, ez naizela elizara joaten esan diot. Sinetsi ezinda geratu zait. “Nola da posible pertsona hala bizitzea?”.

Ez dakit erlijioak hemengo herritarrei zer on eta zer txar ekarri dien. Ez dut horren inguruan iritzia emateko adina ezagutzarik.  Zalantzarik gabe esan daitekeena da, indarrez bizi dutela euren sinesmena, eta indarra ematen diela, edo behintzat hala sentitzen dutela.

Enpresari arrakastatsu batek orain gutxi esan dit berak badakiela bere ondasuna nori zor dion. Lortu duen dena Jainkoak eman omen dio. Gauzak batere ongi ez doazkion beste batek atzo bertan esan zidan, estu dabilenean, jatekoa ere eskas duenean, Jainkoak ematen diola babesa.

Kristautasunaren adar desberdinak eta islama, itxura batera behintzat, oso era armoniatsuan bizi dira herrialde honetan. Meskitak ugari aurki daitezke nonahi, eta errezoetarako deia denek entzuteko moduan egiten dute bozgorailuetatik. Baita eguna argitu aurretik ere.

Larabangako meskita

Itsasertzetik aldendu eta iparraldera jo ahala, musulmanen presentzia gero eta nabarmenagoa da. Kristautasuna kostatik iritsi baitzen, portugaldarrek ekarrita. Islama, aldiz, Saharako basamortua zeharkatuta iritsi zen paraje honetara, goitik.

Afrika mendebaldeko meskitarik zaharrena ere, Larabangakoa, bertan dago. XV. mendean egindakoa da hain itxura berezia duen tenplua. Dena marroi kolorekoa den herrixkan horrelako zuritasun kontzentrazioa ikustea begietara erakargarri egiten da.

Kristautasuna eta islama hain ageriko diren herrialde honetan, ordea, beste galderarik ere sortzen da. Zer gertatu da Afrikako erlijio tradizionalekin? Non egiten dituzte euren erritoak? Erabat desagertu dira sineskera horiek?

Datu ofizialen arabera herritarren ia laurdenak jatorriz afrikarrak diren sineskera animistak jarraitzen ditu. Erlijio hauen ezaugarri nagusietakoa da izaera eta jainkotasuna aitortzea elementu natural ugariri, tartean ibai, mendi edota harriei. Bizidun ez diren elementu hauek guztiak pertsonifikatu egiten dituzte eta haiek gurtzeko hainbat sakrifizio egiten dute. Arbasoekin ere harreman estua dute oso. Haien memoria gordetzen dute, eta ezer txarrik gertatuz gero, arbasoen zigorra izan dela interpretatzen dute.

Sineskera hauek, ordea, ezkutatuta sumatu ditut. Ez daude bistan, kristautasuna eta islama dauden bezala. Kasu batzuetan, antza, nahastu egin dira nagusitutako erlijioekin, eta asko dira errito animista batzuk praktikatzen dituzten kristau edo musulmanak. Ikusgarritasuna galdua dute, ordea. Elizarako edo meskitarako bidea agerian eta harro egiten den bezala, Jesusen irudia eta Allaren izena bazter guztietan ageri den bezala, erlijio animista hauen arrastoa aurkitzea ez da hain erraza. Haiei buruz hitz egitea, berriz, deserosoa da.

Afrikar berriak

Lilura eta amorrua eragiten ditu Txinak Afrikan. Lilura, inbertitzen ari den diruak ekonomiaren hobekuntza ekar dezakeelako; amorrua, harremanak zailak direlako.

Horrela hasten da igandeko Berrian argitaratutako erreportajea. Soilik paperezko edizioan dago.

Munduko Foro Soziala Dakarren

Gaur amaituko da Dakarren Munduko Foro Soziala. Iragan igandeaz geroztik milaka lagun elkartu dira Senegalgo hiriburuan, bestelako mundu bat posible dela sinetsita, eta horren alde lan egiteko prestutasuna hartuta.

Bilkura aurten Afrikan eginda, kontinente honetako arazoek aparteko oihartzuna izan dute 11garren edizio honetan.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

La Habana Ghanan

Ziurrenik, kontatzen hasi eta antzekotasun baino desberdintasun gehiago topatuko genituzke, baina Cape Coast-era iritsi naizenean sentsazio hori izan dut. La Habanaren tankera itzela hartu diot hiri honi.

Bi solairuko etxeak Cape Coasten

Bi solairuko etxeak ikusten dira. Garai batean dotoreak izan zirela agerikoa da, gustuz eraikiak izan zirela.

Gaur egun, konponketa faltak, hezetasunak eta adinak eragindako orbanak dituzte.
Koloniaren hiriburua izan zen garai batean Cape Coast.

Bertakoek Oguaa ere deitzen diote. Portugaldarrek, berriz, eremu honetan lehenengo asentatu ziren europarrek, Cabo Corso deitzen zioten. 1877an erabaki zuten Britainiarrek hiriburu Akkra izendatzea.

Dotore izandako etxeak

Kolonialismo garai hartan eraikitakoak dira etxe hauetako ia denak. Bi pisu dituzte gehienek, eta altuera hori eskertu egiten da. Bertan bizi direnek eskertuko dute, batez ere, klima tropikal heze honetan, altuera apur bat hartu eta haizeari mugitzeko bidea irekitzea diruz pagatzen ez den ondasuna baita.
Cape Coasten ere zalaparta eta jendearen emana ugari dira, baina erritmoa lasaiagoa da. Jendea patxadan dago eserita, eta egunerokoa aurrera ateratzeko estutasunik ez da aurpegietan antzematen.

Cape Coasteko hondartza

Ghanan nagoenetik lehenengo aldiz, gainera, itsasoaren usaina hartu dut Cape Coasten. Akkrak ere hondartza luzea du hegoalde osoan, baina hiria hari bizkar emanda bizi da. Hondakinak botatzeko erabiltzen dute itsasertza eta horrek ezabatu egiten du itsasoak berezko duen usaina. Cape Coasten, ordea, hondartzara gerturatzen ari nintzela kresal usain atsegina nabaritu dut.
Hondarretan dozenaka barku koloretsu daude. Guretzat ezaguna da euren silueta. Europako kostaldeetara etorkinak ekartzen dituzten “kayuko” bezala aurkeztu izan dizkigute. Hemen berezko funtzioa betetzen dute, arrantzalea uretan batera eta bestera mugitzea.

Itsasoarekin sokatiran

Arrantzarako sarea josten

Pilatuta ageri dira hondartzan txalupa koloretsuak. Gizonezko taldeak, itsasoarekin sokatiran, uretatik txalupak hondarretaratzen ikus daitezke. Hemen ere arrantzan erabilitako sareak konpondu beharra izaten da, baina hori ez da emakumeen lana. Gizonak ari dira jo eta ke. Emakumeak, buru gainean ontzi erraldoiak hartu, eta batera eta bestera dabiltza, gizonek itsasotik ekarritako arrainak saltzen.

Txalupak egiten Moreen

Cape Coastek beste hainbat herrixka txiki ditu inguruan, denak ere itsasoak emandakotik bizi direnak. Ekon da horietako bat. Moree da beste bat. Atsu Yakon lagunari esker ezagutu ditut, hark eraman bainau herriotara.
Gizon gazte ugari ikusi ditut arbola handien gerizpean, txalupak egiten. Enbor handiei egurra kentzen ari dira, barrutik usten, txalupa forma eman arte.

Ekon herriko haurrak

Itxura batera, ondasun gutxiagorekin bizi da hemen jendea. Apurtutako arropak dituzte askok, oinutsik ageri dira gehienak, etxeak xumeagoak dira… Baina ez dut tristurarik sumatu, bizipoza baizik.
Haurrak korrika gerturatzen dira, algara betean. Kantuan ariko balira bezala galdetzen dute: “Hello Obruni, how are you?”. Kantuan jarraituz, eta zeuk erantzuna eman aurretik, eurek ihardesten dute: “I’m fine, thank you!”.

Bi hilabete, bi presidente

Bi hilabete dira gaur, Boli Kostan presidentea aukeratzeko hauteskundeak egin zirela. Hauteskunde haiek Alassane Ouattarak irabazi zituen, nazioarteak hala aitortu du, baina Laurent Gbagbo ordura arteko presidentek ez du kargua utzi nahi.

Arerio biak herrialdearen kontrol ekonomikoa eskuratu nahian ari dira.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.