Bi hilabete, bi presidente

Bi hilabete dira gaur, Boli Kostan presidentea aukeratzeko hauteskundeak egin zirela. Hauteskunde haiek Alassane Ouattarak irabazi zituen, nazioarteak hala aitortu du, baina Laurent Gbagbo ordura arteko presidentek ez du kargua utzi nahi.

Arerio biak herrialdearen kontrol ekonomikoa eskuratu nahian ari dira.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Beste Akkra hori…

Kazetari lanean ari zarela, beste edozein lanetan ere hala izango da, batzuetan dena atzekoz aurrera ateratzen zaizula iruditzen zaizu. Eskatu dituzun elkarrizketak ez dizkizute ematen, idatzi dituzun mezuek ez dute erantzunik jasotzen, egiten dituzun deietan ez duzu informazio egokirik topatzen, halako erredaktoreburuk ez dizu proposatutako gaia “erosten”… Horrelako egunak ugari izaten dira.

Baina bestelakoak ere badira, ordea, zorionez. Batzuetan, gutxien espero duzunean, uste ez zenituen ateak parez pare zabaltzen dira.

Duela egun batzuk erreportaje bat prestatzen hasi nintzen Afrikan dauden txinatarren inguruan. Hemen tratu handiak ari dira egiten txinatarrak, euren presentzia gero eta nabarmenagoa da, eta horren inguruan ari naiz zerbait prestatzen.

Hasi nintzen bateko eta besteko hariei tiraka, eta topatu nuen elkarte bat, Ghachifa izenekoa, Ghanako eta Txinako lagunen elkartea. Idatzi nien e-maila, deitu nuen hainbatetan, eta pare bat egun pasa nituen batera emaitzarik lortu gabe. Txinako enbaxadarekin ere saiakera ugari egin nituen, baina emaitzarik apenas.

Halako batean, azken saiakeretako bat egiterakoan, telefono deiari erantzun egin diote Ghachifan. Txinatar azentu itzelarekin ingeles petrala egiten duen emakume batek hartu dit telefonoa, baina oso era atseginean erantzun dit. Elkarteko arduraduna ez dagoela, baina goizean zehar jarriko dela norbait nirekin harremanetan.

Eszeptizismo puntu batekin eskegi dut telefonoa, dagoeneko sarritan gertatu baitzait “deituko dizugu” edo “bidaliko dizut” esan eta berriz neuk deitu arte haien berririk ez izatea.

Oraingoan, ordea, zintzo bete dute agindutakoa. Ez dakit efikazia txinatarra ala efikazia afrikarra izan den.

Bennet izeneko gizon batek deitu dit. Egun onean deitu dudala esan dit, hain justu iluntzean batuko direla elkarteko kideak. Idazkariaren etxean izango omen da bilkura, Txinako enbaxadorea bera ere joatekotan omen da, eta nahi badut, agertzeko hara.

Lehenago Ghanako oposizio buruarekin izandako esperientziaren ondoren, ez diot erabat sinetsi Bennet jatorrari, baina baietz erantzun diot, esandako tokira joango naizela.

Kontuari itxura hobea hartu diot e-mailez gonbidapen formala bidali didanean, beste gonbidatu guztiei aurrez bidalia ziena. Atxikitako dokumentuetako batean iluntzerako programa, eta beste dokumentu batean idazkariaren, Moses jaunaren etxera heltzeko argibideak.

Txinako enbaxadorea eta Ghachifako lagunak

Programa horren arabera, ekitaldia hasi eta bukatu errezoekin egingo da, tartean elkarteko bi arduradunen hitzaldia izango omen dira, eta Txinak Ghanan duen enbaxadorearen jarduna. Eta noski, afaria.

Harrapatu dudan alkandora txukunena jantzi, eta behingoagatik tro-troa utzi eta taxian gerturatu naiz Labone auzora. Ez nuen inguru hau ezagutzen. Akkrako txalet inguru bat da. Etxe guztiak zementuzko hesi batek babesten ditu, eta gainean pintxodun alanbrea dute, espetxeek bezala.

Argibideak jarraituta erraz topatu dut Moses jaunaren etxea. Atariko zalaparta eta kotxe piloak lagundu dit tokia identifikatzen. Solairu bakarreko etxe dotorea da, eta aurrean lorategia, gaur gauerako mahaiez beteta dagoena.

Heldutakoan, Bennet jaunagatik galdetu dut, deitu diot, baina oraindik ez da iritsi.

Moses jaunaren etxeko afaria

Ingurura begiratu eta guztira 5 mahai borobil handi daude jarrita lorategian. Denak mantel dotorez daude jantziak. Dozena bat lagun kabitzen da mahai bakoitzean. Orain arte, tokien erdia dago beteta. Egun bero sargoriaren ondoren, gaugiro bikaina egiten du, haize epel eta guzti.

Etxerako sarrera alboan, mahai luze bat, buffet erara antolatuta. Mahaiaren atzean, katering zerbitzuren bateko langileak, euren uniformeak jantzita. Orain arte ikusitako Akkrarekin honek zerikusi askorik ez du. Hemengo dotorezia eta “glamourra” berriak dira niretzat.

Akkrako hiritarren zati handia kanpora begira bizi da. Euren etxeek ez dute barruan lotuko dituen ezer, eta kalera begirako bizitza maite dute. Konturatu naiz, ordea, Akkrako beste asko etxe barrura begira bizi direla, hiriaren beste zati batek molestatzerik nahiko ez balute bezala. Euren gotorlekua dute eraikia pareta eta alanbre artean.

Heldu da Bennet. Gizon gaztea da, hogeita hamar urtera ez da iritsiko. Eskerrak eman dizkiot gonbidatzeagatik. Kasualitate handia dela komentatu dugu, deitu dudan egunean izatea urtean behin txinatarrekin egiten duten topaketa.

Jendea apurka-apurka esertzen hasi da. Moses jaunak, etxeko gizonak, Ghachifa legea bete beharra dagoela esan du, txinatar bakoitzeko gutxienez Ghanatar bat egon behar dela mahaian. Ez duela balio txinatar guztiak alde batean egotea, eta ghanatar guztiak bestean.

Berandu hasi dira otordu aurreko errezoak, Txinako enbaxadoreak, Gong Jianzhong jaunak, beste konpromiso bat zuelako lehenago.

Ghachifa elkarteko kideak gerturatzen hasi zaizkit, Bennetek aurkeztuta. Konturatu naiz, denek dutela posturen bat Ghanako Gobernuaren bueltan, edo enpresa handiren batean. Beraz, Ghana eta Txina lagun izatea nahi dute, batez ere negozioak egiteko. Azken finean, txinatarrak horretarako daude hemen.

Nire eskuinean, Volta eskualdeko nekazari bat eseri da. Nabaritu du, nonbait, baserriko semea naizela. Daniel du izena. Kontatu dit hainbat nekazariren artean arroza ekoizten dutela, lur eremu zabala dutela horretarako, baina tresneria falta zaiela, eta ureztatze sistemak hobetzea. Txinatar inbertsiogileren bat konbentzitzen duen ikustera etorri da.

Moses jauna giroa alaitzen

Guztira dozena bat txinatar ikus ditzaket, berrogeita hamar ghanatarrek inguratuta. Esango nuke ez daudela erosoegi. Ghanatarren kantu eta berotasun ahaleginek ez dakit ze puntutarainoko erakartzen dituzten, tentsioa nabari baitzaie aurpegian txinatarrei.

Afaria aitzakiarik gabekoa izan da. Bertako jatekoa, ederki prestatua eta nahi adina. Edateko aukera zabala, eta Ghanan nagoenetik lehenengo aldiz, ardo beltza.

Bennet eta bere adiskide batek egindako bitartekaritzari esker, enbaxadorea nirekin hizketarako prest agertu da. Bere bi idazkariri azaldu diet zein den egiten ari naizen erreportajea eta, euren artean txinatarrez labur hitz egin ostean, baietz esan dute.

Lorategian bertan zarata handi xamarra da, bozgorailuak, hiriko gune aberatsenean egon arren, Kaneshie Marketen bezain altu baitaude.

Etxeko eremutik irten eta errepide bazter batean egin dugu elkarrizketa. Kuriosoa estanpa. Politikoki oso zuzena enbaxadore jauna. Hitz eta pitz jardun dugu, bere idazkari batek amaitzeko keinua egin didan arte.

Amaitu dugunerako hasiak dira denak alde egiten. Biharamuna laneguna da, eta goizeko seietarako, eguna argitzerako lanean hasten dira asko.Txinatarrek eta Ghanatarrek, denek dute beharra euren negozioei ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

Gerra zibilaren mamuak

Azken hamar urteetako gatazkaren amaiera ekarri behar zuten hauteskundeek, baina momentuz, zatiketa areagotzea besterik ez dute ekarri. Aurki bi hilabete beteko dituzte bi presidenterekin Boli Kostan. Laurent Gbagbok ez du presidentetza utzi nahi; eta bozen emaitzek beste garaile bat eman dute: Alassane Ouattara.

Horrela hasten da Boli Kostari buruz Berria egunkarirako egindako erreportajea. Hemen irakur daiteke osorik.

Kaneshie: Merkatu eta plaza

(Sakatu play, eta murgildu Kaneshie merkatuko giroan)

Saltokiak Kaneshie Marketen

Tro-trotik salto egin eta lehenengo postuekin estropuz egitea erraza da. Bide bazter oro baitago saltoki txikiz josita. Ez dira egitura konplexuko saltokiak: Zumitzezko zareak lurrean, gainean generoa, eserlekua saltzailearentzat, eta zorioneko bakar batzuek eguzkitatik babesten dituen guardasol handia dute.

Accrako azokarik handiena da Kaneshikoa. Hiriko beste toki askoren antzera, hau ere jendearen joan etorriak bizitutako ingurua da.

Tomate saltzaileak

Kanpoaldeko postuak koloretsuak dira. Barazkiak dituzte gehienek eskaintzeko. Tomateak, kolore eta tamaina ugaritako piperrak, tipulak, mandioka galantak… Tarteka, arrainak ere ikusten dira. Ilunak dira denak, keatutakoak, eta batzuk gatzetan jarritakoak ere bai.

Susmoa daukat dagoen erosle kopururako saltzaile gehitxo dagoela. Ez daude bezeroei arreta egin ezinda. Eserita daude, euren artean hizketan, izerdi patsetan denak. Goizeko zortzietarako etortzen omen dira hona eta arratsaldeko seiak aurretxoan alde egiten dute.

Tartean-tartean, postu sofistikatuagoren bat ere ageri da. Latetan edo plastikotan ontziratutako produktuak saltzen dituztenak, edo teknologia gairen bat eskaintzeko dutenak. Postu hauetako batzuek bafle erraldoiak dituzte alboan. Musika, auzo guztiarentzat entzungai. Gertuegitik pasaz gero, zoratzeko edo gor geratzeko arriskua. Hori bai, asko dira musika horren erritmora gerria mugituz eta ahopeka kantuz entzuten direnak.

Azokaren erdigunea, muina, zementuzko eraikin handia da.

Kaneshie Market, hegoaldeko sarrera

Zatarra da oso. Hiru solairu ditu, hori kolorez pintatuta dago eta multinazional baten letrak ditu alde guztietan.

Eraikinaren inguru guztia, esan bezala, postuz josita. Eraikinaren alde guztietara autobus eta tro-troak iristen dira, eta berauetan jendea, zalapartaka, batez ere goiz-eguerdi partean.

Lehenengo begiratuan bisitariak pentsa dezake azoka bera kanpoaldeko postuek osatzen dutela, eta eraikina beste zerbait dela, lantegiren bat, edo… Bazterren batetik gerturatuz gero segituan ikusten da, ordea, barruan ere zer dagoen: saltoki gehiago.

Piper saltzaileak Kaneshien

Beheko solairua da biziena, kanpoaldearekin kontaktuan dagoena. Zientoka dira hemen ere salmenta postuak. Kanpokoek baino egitura osatuxeagoa dute, mostradore antzeko batekin, baina saltzen dutena antzekoa da: barazkiak, arrain keztatua, tarteka karakol erraldoi batzuk.

Ikusten dira bospasei emakumeko taldetxoak euren artean kalaka betean. Emakumeak dira bai, orain arte behintzat saltokietan ageri direnak. Gizonik, apenas. Batzuk urteetan aurrera doazenak dira, aurpegian adinaren arrastoak ageriko dituztenak. Gazteago batzuk ere bai, tartean ama gazteak, euren umea bizkarrean daramatela.

Kaneshieko harakinak

Badago, ordea, soilik gizonak ageri diren zoko bat. Gainerako espaziotik paretaz bereizia dago, ate moduko batetik sartu behar da. Harategia da. Eta haragia, gizonen kontua da. Hemen ez da emakumerik ikusten. Gogor ari dira, matxeteari jo eta animali zatiak puskatzen. Txahal haragia, txerriarena eta ahuntzarena, behintzat, ikusi ditut. Hozkailurik ez dago hemen. Nahikoa egiten dute euliak haragitatik aldenduta mantentzen.

Goiko solairuetan mugimendua ez da hain bizia. Azken pisuan klinika bat dago, pare bat farmazia, aseguru etxe batzuen bulegoak… Horren azpikoan jatekoa ez den oro topa daiteke, drogeria kontuak, burdindegia edota etxetresnak.

Goiko solairuetatik osteratxoa egin ondoren, behera jaistea berriz ere bizitzara bueltatzea da, zalaparta sentitzea. Hizketarako gogoz daude saltzaileak.

Ama semeak saltokian

Gizon zuria ikusteak harritu egiten ditu eta saiakera egiten dute generoa erakusteko. Bi saltzaile eta erosle pare bat elkartzen diren unean aztoramena segurua da. Hizketaldi zaratatsua da batzuetan. Txalo batzuk jo eta zerbait kantatzeko abagunea besteetan. Erritmoa baitu azokak. Eta Ghanatarrek beti aurkitzen diote erritmo horri parera datorkion doinua.

Jollof arroza, Nigeriako kazetaria eta Ghanako oposizio burua

Auzotik irten gabe, kaleko posturen batean zerbait bazkaltzekotan izan naiz. Jatekoaren bila hasi aurretik, hauxe idatzi dut e-mail batean: “Atzo batera eta bestera ibili nintzen, nekatuta amaitu nuen oso, etxera heldutakoan ezer idazteko gogorik gabe. Gaur egun lasaia, auzunetik irten gabe”.

Mezua bidali, internet postuko mutikoari eskatu dizkidan 30 Pesewak (gure 15 zentimo) ordaindu, eta banoa.

E'Decent jatetxea

Kristalez babestutako postu baten aurrean Jollof arroz platerkada baten argazkia ikusi dut, eta begietatik sartu zait. Bertara gerturatu eta konturatu naiz ez dela postua soilik, atzealdean, mahai batzuk ere badituela, eta kartela ere orduan ikusi dut: “E’Decent Restaurant”. Hor zehar jan baino, eserialdi bat egin eta bertan bazkaltzea erabaki dut.

Sartu naiz, ingurukoak agurtu, eurek ni agurtu nauten bezala, eta mahai batean eseri naiz. Mahai gainean, ohikoa denez, urez betetako pitxar bat eta palankana bat, eskuak garbitzeko. Nik eskatu dudan Jollof arroza jateko koilara bat ekartzen dute, baino beste asko eskuz ari dira maniokaz egindako ore moduko bat jaten, kakahuete zopa batean bustita.

Oraindik nire platera ekarri gabe zela, atzeko mahaitik gizon batek deitu dit. Gizon altua da, 45 bat urtekoa, azal oso ilunekoa eta burusoila. Berekin esertzera gonbidatu nau.

Bi aldiz pentsatu gabe, poltsatik ateratzen ari nintzen paper solteak berriz gorde, aulkitik altxa eta berekin eseri naiz.

Samuel eta biok

“Samuel da nire izena”, esan dit. “Nigeriakoa naiz, baina aspalditxoan hemen bizi naiz. Kazetaria naiz”. Kasualitatea! Hemen ere gremiokoren bat topatu behar!

Ni ere kazetaria naizela esan ondoren, dozena erdi bat aldiz eman dit eskua eta ongietorria, eta bataz eta besteaz jardun dugu hizketan: Ghanaz,  Boli Kostaz, Nigeriaz, Afrikaz orobat. Konturatu naiz paparrean Nigeriako presidentearen pin bat daramala, Jonhatan Goodlucken pina. Galdetu diot ea badaukan presidentearen alderdi barruan bezperan izan diren hauteskunde primarioetako emaitzen berri , eta baietz, irabazi egin duela Goodluckek, bera izango dela apirilean hautagai.

Next aldizkariko editorea dela esan dit, aldizkari independentea dela, inolako laguntzarik jasotzen ez duena, kultur ondarean oinarrituta ulertzen dutela politika, alboan dutela erredakzioa eta gustura gonbidatuko nauela bertara. Gainera, arratsaldean bilera bat dutela Ghanako oposizioko alderdiko buruarekin, NPP alderdiko Nana Akuffo Addo, eta nahi badut joateko eurekin. Ez dut hau ere bi aldiz pentsatu. Baietz, zalantzarik gabe joango naizela.

Berak dagoeneko jatekoa amaitua zuen, eta alde egin du erredakziora, baina nire bila segituan etorriko dela aginduz. Jollof arroza amaitzear nintzela heldu da bueltan Samuel. Mahaitik altxa eta erredakziora abiatu gara.

Jatetxetik bertan dago erredakzioa, 25 bat metro karratuko lokala. Next aldizkariaren egoitza izateaz gain, diseinu grafikoa eta antzeko lanak egiten dituen bulegoa ere badela jartzen du atean. Dozena erdi bat lagun badaude barruan, hiru mahai txikitan banatuta. Bakarren bat ordenagailua altzoan duela ere bai, denentzako tokirik ez baitago.

Next aldizkariko erredakzioa

Sakonera joatera gonbidatu nau Samuelek, bertan dagoela nagusia. Aurpegi motzeko gizona, tunika zuri dotorea jantzita, ezpain gainean bibote txikia duela. Baylor Albert du izena. Oso baxu hitz egiten du. Nahikoa lan esaten duena ulertzen, bizkarrean dudan aire egokitu tramankuluak egiten duen zaratarekin.

Interes handiz galdetu dit nire herrialdeari buruz. Hitz egin diot Euskal Herriaz, euskaraz, eta tokian tokiko hizkuntzak indartzeari buruz jardun dugu.

Samueli hitza eman, eta traturako proposamena egiten hasi zait hau. Eurek nahi dutela euren aldizkaria munduan zehar zabaltzea, baina kosta egiten zaiela, eta kolaboratzaileak behar dituztela. Esate horretan eskari bat ere bazegoela iruditu zait. Nik esan diet Afrikatik joandako ugari daudela Euskal Herrian, eta prest nengokeela aldizkaria haietako batzuei erakusteko.

Eta bat-batean, jabetu ere ez naiz egin noiz izan den gai aldaketa, hasi zait esaten kolaboratzaileak behar dituztela Europatik Ghanara turistak ekartzeko. Kontxo, pentsatu dut, hemen aldizkaria bai, baina jatekoa beste zerbaitek ematen du. Hirugarren esaldirako ari zen gizona nik Euskal Herrian eurendako bulegoa zabaltzeaz.

Zeharka esan diot ez naizela negozio gizona, kazetaria naizela. Lagundu ahal diodala aldizkaria ezagutzera ematen, baina negoziotan ez dudala nire burua ikusten. Nire ezezkoari garrantzia kendu eta hitz egingo dugula esan dit.

Oposizio buruarekin, Akuffo Addorekin zuten hitzordura joan aurretik azaldu nahi izan dit Samuelek edizio berezia atera nahi dutela, oposizio buruari eskainita, jendeak jakin dezan nor den hurrengo presidente izan daitekeena. Propaganda usain apur bat hartu diot kontuari, baina ez diot galdera gehiagorik egin. Prince izeneko mutil gazte bati agindu dio niri erakusteko maketatzen ari diren edizio berezi hori. Orrialde ugari, bata bestearen atzetik, Akuffo Addoren ibilbidea, bere lorpenak, bere programa goraipatuz.

Sartu gara kotxean. 4X4 handi bat. Atzean jarri dira Samuel eta Prince. Niri eskatu didate kopilotuaren tokian esertzeko. Nagusia noiz etorriko zain geunden. Esan diet, jakin izan banu oposizio buruarekin batzartzera gindoazela dotoreago jantziko nintzela. Princek oso erantzun polita eman du: “Berdin dio! Hemen jendeak badaki zuriek baduzuela arropa dotorea, nahiz edozer jantzi. Afrikarrok erakutsi egin behar dugu badaukagula”.

Nagusia etorri da halako batean, eta abiatu gara.

Nire baitarako pentsatzen ari nintzen: “Arraioa! Auzoan lasai antzean pasa behar nuela eguna eta to, Ghanako oposizio buruarekin hitzordua azkenean!”

Ordu-laurdenean, dozena bat aldiz jo du Bayor-en telefonoak. Bere ahots suabearekin hasten da beti hizketan, eta beste aldean nor izan tonu zakarragoa edo goxoagoa erabiltzen du.

Buelta batera, buelta bestera, halako batean heldu gara pareta handiz babestuta dagoen etxalde moduko batera. Sarrerako zaindariak galdetu die ea nora doazen, edo nor ikustera. Hauen erantzuna, hitzordua dutela. Norekin? Komunikazio arduradunaren izenik ez zekiten. Deitu diote, galdetu ea barruan dagoen, eta ezetz, bera ez dela hor egoten. Beste bulego batean egoten dela, geunden tokitik kilometro pare batera.

Nana Akuffo Addo (iturria:modernghana.com)

Hainbat atzera aurrera egin ondoren, eta telefonoz argibideak hiruzpalau aldiz eskatuta, heldu gara bilera tokira. Bulego ilunean hartu gaitu Boakye Agyarkok. 60 urteak gertu behar dituen gizona, atsegina hizketan, eta lehenengo unetik pertsona efikazaren itxura duena. Oposizio buruaren komunikazio buru da bera. Berari dagokio Akuffo Addok hurrengo hauteskundeak irabazteko egin beharrekoak egitea.

Orduan konturatu naiz ni, eta uste dut nire bidaideak ere orduantxe konturatu direla, Akuffo Addorik ez zela agertuko han. Hura negozio bilera dela, eta zerbait negoziatu nahi izanez gero, Agyarko jaunarekin egin beharko dutela. Samuelek hartua zuen grabagailua eta argazki kamara alferrikakoak dira, baita nire poltsakoak ere.

Ordu erdi eskaseko bilera izan da. Agyarkok esan die ongi dagoela aurkeztu dioten guztia, baina berak jakin nahi duela nork izango duen erabakimen editoriala, eta horren arabera erabakiko direla erabaki beharrekoak. Next aldizkarikoak edozertarako prest. Komunikazio buruak azaldu die taldeko beste arduradun bati euren berri emango diela, eta  jarriko direla harremanetan.

Next aldizkaria

Eurena ia amaitua zutenean, Samuelek, oso borondate onez, hobetu aurkeztu nahi izan nau, eta hemen zertan nabilen azaldu diot Agyarkori. Berak adi entzun dit, eta gure ingurua ezagutzen duela esan dit. 23 urtez New Yorkeko banketxe bateko zuzendariorde izan dela, BBVArekin egiten zituztela tratuak, eta askotan joan behar izan zuela gurera. Edozertan lagun banazake horretarako prest dagoela esanez amaitu du.

Bulego ilun hartatik irten, autoan sartu, eta pozik dira Next aldizkariko arduradunak. Niri iruditu zait zail jarri dizkiela gauzak Agyarkok, baina kontrarik ez diet egin.

Bueltako bidean abiatuta, autoa geratu du nagusiak bat-batean. Denok jaitsi gara autotik.

Halako batean emakume bat gerturatu zaio nagusiari, erdi besarkatu du, erdi errieta egin dio, eta biak inguruko lokal batean desagertu dira. Ez dut oso ondo ulertu gertaturikoa.

Ezkutatu aurretik, hori bai, nagusia kotxera joan eta Samueli 20 Cediko billetearekin etorri zaio. Samuel, Prince eta hirurok tro-tro batean sartu eta bertan bueltatu gara.

Accra, Circle eta tro-tro

Zerurik apenas ikusten da egunotan Accran, eta Accra bera ikusten ere nahikoa lan. Saharatik datorren haizeak behe-laino horixka moduko bat dakar, eta horrek zail egiten du ikustea zauden tokitik aldenduta dagoen edozer.  Harmattan deitzen diote eguraldi mota honi. Hala esan dit Clement Laryeak, bizi naizen etxeko nagusiak.

Harmattan

Harmattan

Bero egiten du egun guztian, 30 bat gradu bai gutxienez, eta gauetan apur bat freskatzen duen arren, 25etik jaisten denik ez nuke esango. Hezetasuna berriz itzela da, nola neurtzen den ez dakidan arren Google-en eguraldi zerbitzuak dio %65ekoa dela. Eguna izerditan ematen dut.

Darkuman auzunetik, tro-tro bat hartu ohi dut batera eta bestera mugitzeko. Tro-troa, furgoneta bat da, gure inguruko mikrobusen estilokoa, baino mende laurden lehenago eraikia eta egunero, tirriki-tarraka, batera eta bestera, zulotik zulora erabilitakoa. Komeni zaizun tro-troa hartu, barrura sartu, estu-estu jende artean jarri, usain eta kolore amalgamaz gozatu,  eta zentimo apur batzuen truke… noranahi!

Tro-troaren zain

Tro-troaren zain

Gidaria aurrera begira serio joaten da eta aldameneko ateko leihoan mutil gazte bat, eskuarekin seinale arraroak eginez eta ozen esanez norainokoa den zerbitzua. Lehen egunen ondoren ulertu dut, azaldu didatelako noski, mutilak atzamar erakuslearekin gorantz egiten duenean Accra erdigunera doala furgoneta, bere besaperantz seinalatzen duenean Kaneshira doala, eta borobil moduko bat egiten duenean esan nahi du Circle-ra iritsiko dela tro-tro trauskila. Nora doazen ere oihukatzen dute, baina bertakoak ez garenontzat ulertzeko zail diren abiadura eta ahoskerarekin.

Kwame Nkuma Circle

Kwame Nkuma Circle

Circle hori da ziurrenik Accrako gunerik zalapartatsuena eta komeni dena lehenbailehen kontrolatzea. Bertatik toki denetarako autobus eta tro-troak irteten dira, auzune garrantzitsuenekiko nahiko erdian geratzen baita. Kwane Nkrumah Circle da, berez, tokiaren izena, Ghanako lehen presidente eta nazioaren aitatzat dutenaren omenez.

 

Beti dago gune hau jendez gainezka. Biribilgunearen alboetara plaza handi batzuk daude, autobus eta tro-troak irteteko prest, jende ilarak eurena noiz etorriko zain, saltzaileak hara eta hona fruta, pilak zein belarriak garbitzeko bastoitxoak eskainiz (zain nengoela bertan erosi nituen nik!). Ingurutik pasatzen den erreka eta kainu-zuloak ere nabarmen antzeman daitezke, usaina zakar botatzen baitute.

Circleko saltokiak

Circleko saltokiak

Salmenta postu ugari ere bai, batzuk egonkorrak, teilape eta guzti, eta beste batzuk inprobisatuak, kanpin mahai batean  edo trapu handi baten gainean jarrita. Dena aurkitu daiteke bertan.

Jatekoa, janztekoa, garbitzekoa, sukaldean erabiltzekoa, etxea apaintzekoa… Ah, eta telefonoak. Zientoka postu daude telefonoak saltzeko, edo telefonoentzat txartelak , edo soilik kargadoreak, edo bateriak…

Circletik apur bat hirigunera eginez gero antzekoa da panorama. Salmenta postuak nonahi, jendea atzera eta aurrera, kotxe zalaparta, bozina hots jasangaitza, kea…

Central Accra

Central Accra

Segituan suerta daiteke nekagarria panorama hau. Momenturen batean itolarri moduko bat sentitzera ere iritsi naizela esango nuke, baina ez da gehiagora joan. Eta nik uste ez dela gehiagora joan, kalean zoazela jendeak egiten dizun harreragatik, jasotzen duzun tratuagatik.

Atsegina da oso jendea. Kalean gurutzatzean askok egiten dute diosala, euren salmenta postuaren aurretik pasatzean irribarrea erakusten dizute, postura begira ikusten bazaituzte segituan egingo dizute gehiago gerturatzeko gonbitea, baino horretara behartu gabe, konpromisorik sortu gabe. Eramanerraz egiten dute, zalantzarik gabe, orain arte behintzat nahikoa kaotikoa dirudien hiria.

Akwaaba Obruni! Hello Obibini!

Hegazkinetik jaistearekin batera esan dit Kingsley-k: “Hemen jendeak Obruni deituko dizu. Ez gaizki hartu, ez da ezer despektiboa, horrela esaten zaie gizon zuriei. Obruni esanez agurtzen bazaituzte, agurtu zuk Obibini esanez!”.

Kingsley, bere etxean

Kingsley Basuglo izan da orain arte Ghanan izan dudan lotura bakarrenetakoa. Couchsurfing sarearen bidez ezagututako mutila, freelance bezala aritzen dena, nazioartetik boluntarioak ekartzeko fundazioa duena… Laguntza eskaini dit iritsi aurretik, bisatua lortzeko gonbidapen gutuna idatziz eta hainbat informazio eskainiz. Lehenengo egunak, gainera, bere etxean igaroko ditut, eta gero topatuko dut ondorengo asteetarako aterpea.

Kofi lagunarekin batera etorri dira aireportura. Taxiarekin berak negoziatu du prezioa, Obruni bati bikoitza eskatuko lioketela argudiatuz.

Hizketan egin dugu bere auzorakoa, North Kaneshirako bidea. Begiak, ordea, leihotik kanpora izan ditut uneoro, dena iruditzen baitzait ikusgarria, denak ematen dit arreta.

Auzunera heldu garenean, taxitik salto egin eta Kofik motxila eskuetatik kendu dit, pisu handiena berari dagokiola aditzera emanez. Kingsley edateko ur bila joan da, beroa itzela baita.

Etxe zaharra da, solairu bakarrekoa, paretak adreiluz eta zementuz egindakoak dira eta teilatua txapazkoa. Argindarra badute, baina urik ez. Ontzi handi batzuetan ekartzen dute auzoko iturritik eta bidoi handi batean gordetzen dute. Etxearen aurrealdean, adreiluz egindako bi lauki modukotan, komuna eta dutxa. Paretak bazterretan, zuloa lurrean eta zerua gainean.


Basuglotarren etxeko ataria

Basuglotarren etxeko ataria

Lehen begiratuan, lau gune ditu etxeak, lau logela moduko.  Segituan konturatu naiz toki gutxian jende asko bizi dela. Hamar anai arreba dira guztira, bi alaba zaharrenak ezkonduta daude eta senarren etxeetan bizi dira. Etxe honetan bizi den alabetako batek alabatxo bat du. Guztira, ia dozena bat lagun 60 metro koadro baino gehiago izango ez dituen teilapean.

Etxeko atarian lo egiten dute bi mutikok, eltxoetatik babesteko sarea gainean jarrita. Beste bik etxaurrean dagoen egurrezko txabolan.

Etxeko ataria da sukaldea, eta etxeko ataria da jantokia.

Anai zaharrena izanda, logela bat du beretzat Kingsleyk, eta bertan lo egin dugu biok. Dozena bat metro koadroko logela, esponjazko koltxoi pare bat lurrean, eta mahaitxo baten gainean bere trasteak: kolonia, anbientadorea, ordenagailu eramangarria, hainbat pultsera eta eraztun, eta egunkaritik moztutako zatiz betetako karpeta zimurra.

Ezin dut ukatu Kingsleyren bizigunea bestela irudikatua nuenik. Aurrez aurre ezagutu aurretik, eta jakinda freelance-a dela eta fundazio bat daramala aurrera, auzune txukunagoan imajinatzen nuen eta erosotasun gehiagoko etxean.

Konturatu naiz aurrera ateratzeko direnak eta bi egiten dituen mutil azkarra dela, eta horretarako testu bat idatzi eta nonbaiten “saldu” ahal badu, hala egiten duela, eta nazioarteko boluntario bakan batzuk erakarri ahal baditu, eta haiengandik irabaziren bat atera, ba horixe egiten duela. Bere burua “businessman” bezala definitu du lagun baten aurrean.

North Kaneshie

North Kaneshie

Nire egonaldirako tratua ere proposatu dit Kingsleyk. Bera etxez aldatu nahian dabil, bere kabuz bizitzen hasteko irrikaz.  Begiz jota dauka nora joan eta traturako baldintzak ere jarrita: hilean 30 Cedi (15 euro) kobratuko diote alokairua, baina bi urteko errenta aurrez ordaindu behar du. Ia gehientsuena lortua du, baino 250 Cedi inguru falta zaizkio errenta hori osatzeko.

Bere eskaintza da nik ordaintzea diru hori, eta hemen nagoen hilabeteetan berekin batera bizitzea. Berak hirian gidari lanak egingo dizkit.

Bestelako aterpetxeren baten bila hasiz gero bi hilabetetan dezente gehiago ordaindu beharko dudala esan dit, eta aldiz bere “apartamenduan” egonda, merke aterako zaidala egotaldia.

Boteprontoan sentsazio kontrajarriak eragin dizkit proposamenak. Batetik pentsatu dut Obruni batek ia urtebeteko errenta ordaintzea nahi duela Obibini kabroi honek! Baina aldi berean pentsatu dut, aukera polita izan litekeela bertakoekin batera bizitzeko, eta gainera ostatu bat baino merkeago aterako zaidala.

Tokia ikustera joan gara. Bi logela dira, beraz, bakoitzak bere espazioa izango du. Hemengo batez bestekorako txukuna da tokia, baina hutsik dago erabat. Ez dago ez altzaririk, ez sukalderik, ez ezer. Dozena erdi bat etxek konpartitzen duten komun-zuloa, atarian. Ura ateratzeko iturria gertu dago, ate aurrean.

Berehalako erabakirik ez dut hartu nahi, eta hala adierazi diot Kingsleyri. Baina uste dut nire barruan ia erabakita dagoela beste aterperen bat topatuko dudala. Bi dira horretarako arrazoiak: Bata, nahiz eta mendebaldar pijo baten sentsazio desatseginarekin diodan hau, erosotasun apur batzuk gehiago nahi ditut. Komun garbixeagoa, ohea, ahal dela ura duen aterpea… Ez nago astebeteko safarian, denbora dezente egin behar dut hemen.

Beste arrazoia, Kinsgley nirekin atsegina izan arren, nire kabuz ibiltzen ikasi nahi dudala. Bera beti dago prest nirekin batera eta bestera ibiltzeko, niri bidea irekitzeko. Martxora arte zeregin hoberik ez duela esan dit.  Baina horrek eragotzi egiten dit, askotan, nondik nora nabilen jakitea.

Darkuman-eko logela

Darkuman-eko logela

Beste ostatu batzuen bila hasi nahi dudala esan diot Kingsleyri, eta esan diot bestelako zerbait topatu nahi dudala. Ondo hartu du berak, ulertzen duela ere esan dit, nahiz sumatzen diodan desengainu puntu bat.

Berak lagundu dit ostatu bila. Lehenengo bi gauak Kinsleyren etxean igaro ondoren, batera eta bestera ibili gara, eta azkenean, Darkuman auzoan jarri naiz bizitzen. Luxurik gabeko logela txukuna, haizagailu bat sabaian, sukaldea erabiltzeko eskubidea, eta komun konpartitua dutxa eta guzti. Hau izango da, hasiera honetan behintzat, Afrika beltzeko nire etxea.

Afrika beltzetik…

Honaino ekarri nauen hegazkinean kolore ugari ikusi ditut. Jantzi koloretsuek begietara salto egin didate, eta hitz jario geldiezinek giroa aztoratu dute.

Afrikara nator. Afrikara heldu naiz. Abentura berri baten hasiera da hau, aspaldian pentsatu, amestu eta prestatutako bizi esperientzia baten hasiera.

Egia esan, Afrikarekiko lotura eta grina nondik nora datorkidan ez dakit. Agian lehenago egindako bisita laburrek gogotsu utzi naute, agian gure auzoan hainbeste ugaritu diren eta lagunartean agertu diren larru beltzeko pertsonek kuriositatea piztu didate, agian Kapuscinski handiaren Ebano hark liluratu ninduen, agian hain kontinente handia eta koloretsua izan eta inon haren berririk apenas ikusteak bultzatu nau. Ziurrenik agian denak izan du zerikusia.

Bidea hasita dago. Ghanan  egin nahi nituzke lehenengo hilabeteak. Gero, Etiopiara joatekotan naiz. Batekoak eta bestekoak ikusi eta topatu nahi ditut. Eta bidean topatzen dudan hori kontatu egin nahi dut. Zer kontatua ugari izango dela iruditzen zait. Blog hau izango da kontaketa horientzat leihoetako bat. Dagoeneko leihora gerturatu denari, niri jada behin baino gehiagotan esan didatena: Akwaaba! Ongi Etorri!