Somaliland: Hogei urte bidea eginez (II)

Independentzia aldarrikatu zutenetik hogei urte pasa dira aste honetan. Gerra zibilak eragindako hondamenditik altxatzea lortu dute, eta herrialde egonkorra eta baketsua izatea ere bai. Somaliland, ordea, nazioarteak ez du estatu bezala aitortu, eta horrexen zain segitzen dute.

Euskadi Irratiko Amarauna saiorako egindako erreportajea.

Somaliland: Hogei urte bidea eginez (I)

Hogei urte dira gaur Somalilandek independentzia aldarrikatu zuela. Somaliaren menpeko lurralde izateari utzi zion orduan, eta azken urteotan nahikoa herrialde egonkorra eta baketsua izatea lortu du. Batez ere, etengabeko gerra egoeran bizi den Somaliarekin konparatuz gero.

Herrialde bezala funtzionatzen du Somalilandek. Gobernu, txanpon, pasaporte eta armada propioak ditu, esaterako. Baina nazioarteak ez du estatu bezala errekonozitu.

Independentziaren 20. urteurrena, ospakizuna izateaz gain, nazioartearen aitortza eskatzeko erreibindikazio egun ere bihurtuko dute somalilandarrek.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.


Sierra Leona, 50 urtez aske

Ospakizun eguna dute gaur Sierra Leonan. Gaur baitira 50 urte Afrika mendebaldeko herrialde honek kolonia britainiarra izateari utzi, eta independentzia lortu zuela.
2002an amaitutako gerra zibiletik “sendatzen” ari da oraindik ere herrialdea. Azken urteak egonkorrak izan dira, baina oraindik ere herritar gehienak pobrezia gorrian bizi dira. Edonola ere, giro positiboa nabari da urteurrenaren harira. Festa handia dute prestatua gaurko.
Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Errepublikaren jaiotza prestatzen

Herrialde  independente bat osatzeko bidea nolakoa den, horixe ikus daiteke hilabete hauetan Sudan Hegoaldera begiratuz gero.

Iragan urtarrileko erreferendumaren ondoren, Sudan hegoaldeko agintariak urratsak ematen ari dira uztailean estatu independente bezala hasteko.

Gobernu autonomoak aste honetan egindako bileran erabaki du bandera, ereserkia eta txanpona zeintzuk izango diren. Herrialdearen izen ofiziala zein izango den ere erabaki dute, Sudan Hegoaldeko Errepublika.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.