Kaffako fruitua

Ahuntzak zalapartaka eta jostari ikusi zituen Kaldik. Harrituta zegoen ahuntzaina bere abereen portaerarekin, eta euren joan-etorriak gertutik jarraitzen hasi zen poztasunaren iturburua zein zen jakiteko. Berehala konturatu zen inguruko arbolatxo batzuetako fruitu gorrixkak jan ondoren hasten zirela ahuntzak saltari.

Heldu gabeko kafe aleak arbolan

Ahuntzainak berak ere fruituok probatzea erabaki zuen, beregan antzeko eraginik ote zuten jakiteko. Dastatu zituen, eta berehala sentitu zuen berak ere bizitasuna. Kementsu ageri zen, eta lotarako batere gogorik gabe.

Kristo ondorengo V. mendea zen, eta ordurako Etiopian kristautasuna sartua zegoen. Ahuntzainak inguruko monasterio bateko abadeari eman nahi izan zion bere aurkikuntzaren berri. Abadeak, ordea, ez zion ahuntzainari harrera onik egin. Deabruaren kontuak zirela esanez, sutara bota zuen ahuntzainaren kafe adartxoa.

Kafe aleak txigortzen

Garretan aleak nola kiskaltzen ziren begira ari zirela, usain berezia zabaldu zen. Usain ederra zen eta abadeak ez zuen bere zakarkeria konpondu beste erremediorik izan. Aleak sutatik atera eta infusioa egin zuen haiekin. Deabruaren kontua izatetik, berehala pasa zen Kaldiren aurkikuntza jainkoaren oparia izatera. Kaffako monjeei ederki etorri zitzaien ahuntzainaren aurkikuntza, gaueko errezo ordu luzeetan esna irauteko.

Etiopiakoa da jatorriz kafea. Kaldi ahuntzainaren eta abadearen kondairak azaltzen du nola aurkitu zuten. Bertsio eta ñabardura ugari dituen kondaira ederra da.

Mendeak erruz igaro dira, baina Kaldiren aurkikuntza oraindik ere estimatzen dute etiopiarrek. Buna, hala deitzen diote kafeari, zeharo txertatuta dago egunerokoan. Goiz, eguerdi eta iluntzean, loa galtzeko beldurrik gabe edaten dute.

Kafe zeremonia, pazientziaz, mimoz eta arretaz egiten den errituala da. Lehenengo kafe aleak txigortu. Ikatzezko txingarraren gainean jartzen dute ontzia, aleen kolorea apurka apurka iluntzen denera arte. Ahuntzaina eta abadea orain 15 mende liluratu zituen usain berdinak gozatzen ditu zeremoniako parte hartzaileak.

Almaizean kafea xehatzen

Aleak txigortutakoan, eta sutan ura berotu bitartean, almaizean kafea xehatzeko momentua da. Pazientziaz egin beharreko lana da hau, hauts marroi xehea lortu arte.

Ura berotutakoan kafea bertara bota behar da, eta denbora utzi behar zaio infusioa behar bezala egin dadin. Ez da iragazkirik erabiltzen, denborak bere tokia jartzen baitu dena, baita kafe hautsa ere, pitxarraren hondoan.

Prozesu guztia, egoki prestatutako eszenatokian egiten da. Lurrean belar freskoa edo hosto berdeak egoten dira, eta edalontziak neurri bereziko mahaitxoaren gainean jartzen dira, banaka banaka garbitu ondoren. Mahai horren bueltan, aulki txikietan eserita, kafea edango dutenak.

Edateko unean, kafearen usain gozoari beste gehigarri bat ere jartzen diote Etiopian: intsentsua. Ikatzaren gainean jarritako intsentsu harritxoek segituan ateratzen dute ingurua lausotzen duen ke usaintsua.

Negesti kafea prestatzen

Kafea kikarara bota aurretik azukrea jartzen dute hondoan. Dezente, gozotasunik falta ez dadin. Zerbitzatu, Euskal Herrian sagardoaren antzera, goitik egin behar da, kikararen eta pitxarraren artean, gutxienez, metro erdiko distantzia utziz. Bits gozoa ateratzen zaio, hartara, kafeari. Kafearekin batera dastatzeko krispetak ateratzen dituzte alboan, azukrearekin gozatuta hauek ere.

Etiopiako etxe gehienetan mendeetan egindako errituala da kafe zeremonia hau, bizilagunen arteko hizketaldi luzeetarako aitzakia eman izan duena. Gaur egun, ordea, gero eta bakanagoak dira errituala egin ahal dezaketenak. Kafearen prezioak etiopiar asko buna edan ezinda utzi ditu.

Munduko kafe ekoizle eta esportatzaile handienetakoa da Etiopia.  Uztaldi bakoitzean 190.000 tona kafe esportatzen ditu. 15 milioi etiopiar, era batera edo bestera, kafe produkzioaren katean aritzen dira lanean. Soroan gehienak, baina baita banaketa eta salmentan ere.

Merkatua, ordea, multinazional bakan batzuek dute kontrolatua. Lau enpresa handiren artean (Kraft, Nestle, Proctor and Gamble eta Sarah Lee) banatzen dituzte negozioaren etekinak. Eurek ezartzen dituzte merkatuko baldintzak, eta ondorioz, kafearen prezioa. Gobernuak saiakeraren bat egin du prezioak kontrolpean izateko, baina eraginkortasun handirik ez du orain arte lortu.

Khad landarea, Afrikako anfetamina

Etiopiako nekazari ugarik ezin dute kafe produkziotik bizi, enpresa hauek uztagatik ordaintzen dietena hutsaren hurrengoa delako. Kafea lantzeari utzi diote askok, eta khat izeneko landarea hazten dute orain. Etiopian eta inguruko herrialdeetan legezkoa den narkotikoa da, txiklea bezala murtxikatzen dena. Europara ere esportatzen dute landarea, nahiz eta han legez kanpokoa izan. Landare hau salduz bizirautea lortzen dute nekazariek, eta kafea landuz ez.

Kafe soroa Etiopia hegoaldean

Korporazio multinazionalen soroak, berriz, gero eta hedatuago daude Etiopiako lurretan. Inguruko herritarrek bizitoki berriak topatu behar izan dituzte, euren etxeak zeuden arboladiak bota, eta soroak egin dituztelako han. Bakar batzuei eman diete lana enpresa hauek, baina egun osoko soroko lanagatik xentimo bakan batzuk ordainduz.

Buna maite duten etiopiar askok, bien bitartean, euren herrialdean sortzen den fruituaren usain eta zaporea, Kaldi ahuntzainaren aurkikuntza, dastatu ezinda segitzen dute, edo nahi luketena baino gutxiagotan gozatuz.

Lokatz artean urre bila

Lasterka ageri dira emakume gazteak lokatz artean. Oinutsik daude denak. Buru gainean jartzen dute lokatzez beteriko erretilua, eta korrika eramaten dute, zulotik makina dagoen tokiraino. Euretako batzuek ez dituzte 12 urte baino gehiago izango.

Horrela hasten da Ghanako urre meategiei buruz Berria-rako egindako erreportajea. Hemen ikus dezakezu osorik.

Bortxaketa “zuzentzaileak”

Hegoafrikan bortxaketa “zuzentzaile” deiturikoen kasuak gero eta ugariago dira. Gizon taldeek lesbianak bortxatzen dituzte, euren joera sexuala zuzentzeko argudioarekin.

Basakeria honen azken biktima 13 urteko neskato bat izan da. Pasa den hilean, 24 urteko emakume bat harrika hil zuten, bortxatu ondoren.

Hegoafrikako gobernuak talde berezi bat sortu du  gay eta lesbianen aurkako gorroto erasoak ikertzeko, eta gehiago gerta ez daitezen neurri eraginkorrak hartzeko.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Eskolako bidea ikasiz

Saharaz azpiko Afrikan gero eta eskolatutako haur gehiago dago. Unesco-k argitara eman berri duen txostenaren arabera, gobernuek urtetik urtera hazi egin dute hezkuntza sistemara bideratutako aurrekontua, eta hori emaitza oso onak ari da ematen. 2000 urtean 89 milioi haur ziren lehen hezkuntzan, 2008an berriz,129 milioi ikasle. Ikasle kopurua bakarrik ez, Unesco-ren arabera hezkuntzaren kalitatea ere  hobetu egin da Afrikan.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Bere burua ezagutzen ez duen gizona

Kale kantoi batean dago, denetik saltzen duten dendatxo bateko paretaren kontra, atseden hartzen. Etiopia iparraldeko gizon gehienek bezalaxe makila bat du eskuartean, dula, eta haren gainean ditu atsedenean besoak.

Ez dakit bere izenik. Adinik ere ez. Itxuragatik nekazaria dela esango nuke. Argazki bat atera nahi nioke, eta horretarako baimena eskatu diot. Kamera erakutsi diodanean baiezkoa erantzun dit buruarekin.

Orain arte ateratako argazkien artean kuttunenetakoa da gizon honi ateratakoa. Begirada xaloa eta gardena duela iruditzen zait. Ziurrenik, izaera apalaren isla.

Ateratako erretratua berari erakutsi nahi izan diot. Lehenengo segundoetan ez du ezer esan. Gero, aatzamar erakuslearekin kameraren pantailatxoa ukituz, zerbait esan die inguruan zituenei. Denak barre algaraka hasi dira. Berak ez ditu barreak ulertu.

Alboan dagoen mutil batek azaldu dit egoera: “Pantailan ageri den gizonak bere moduko buruko painelua duela dio”.

Eritrearrak estu

Eritreako Aliantza Demokratikoak rrialdi deia egin du. Herrialdeko egoera egunetik egunera okertzen ari dela dela diote, Isaias Afewerki presidentearen erregimenak ez diela herritarrei arnasarik hartzen uzten. Giza eskubideen urraketak ugari direla salatu du elkarte honek, eta herritar asko premia larrian bizi direla. Herrialdetik alde egindako errefuxiatuek, tartean Etiopian daudenek, erregimen aldaketa eskatzeko protestak egin dituzte. Nazioarteari esku hartzeko ere eskatu diote.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako egindako kronika.

Wukroko irrien lagunak

Autobusetik jaitsi eta Angel Olaran non bizi den galdetzea alfer samarrik da. Abba Melakugatik galdetuta, ordea, segituan erakusten du herriko edozeinek
bidea. Saint Mary misioan du bizitokia Hernaniko misiolariak azken hogei
urteetan. Abba Melakuz galdezka abiatu dira Porrotx eta Marimotots pailazoak aurtengo Aste Santuan Wukrora, eta aurkitu dute.

Horrela hasten da Berria egunkarirako egindako erreportajea. Hemen ikus daiteke osorik.

Bururik makurtu gabe

Paretik pasatakoan inork ez du begirada behera jaisten, eta diosala ere, adeitsua, baina berdinetik berdinera egindakoa dela sumatzen da. Etiopiar izatea harrotasunez daramatela dirudi eta euren izatean indartsu daudela. Nabarmena da aldea Afrikako beste herrialde batzuekin alderatuta.

Nilo Urdineko arrantzaletxoa

Kolonialismo urteek badute, ziurrenik, honetan zerikusirik. Inguru dena Europako herrialderen baten kolonia izana da. Etiopia aldiz, lehenengo ingelesek eta gero italiarrek konkistatu nahi izan zuten arren, bere buruaren jabe izan da beti. Mussolini saiatu zen bost urtez herrialdea kontrolatzen, eta nahikoa hedatu zuen bere boterea, baina borroka askoren ondoren alde egin beharra izan zuen. Hori bai, macchiato gozoak eta makarroiak nola prestatu erakutsi ondoren.

Gonder-en, patxadan

Atentzioa ematen du, bestalde, bere egutegiari eta ordutegiari hain era sendoan eusten dion herrialdeak. Ezinbestean mendebaldeak ezarritako egutegi eta ordutegiaren berri badaukate, eta badarabilte eskuartean, baina eurena da nagusi. 2003. urtea da aurten, eta zortzigarren hileko hogeita laugarren eguna da gaur. Guztira hamahiru hilabete ditu urteak, hogeita hamar eguneko hamabi hilabete eta bost egunekoa hamahirugarrena. Urte berria gure irailean ospatzen dute.
Egutegi etiopiarraren oinarrian koptoen egutegia dago eta eliza ortodoxoak ere berau jarraitzen du. Hileko egun bakoitza santu bati dago eskainia eta egun bakoitzari lotuta, ohitura desberdinak daude. Hileroko hamahirugarren egunean, esaterako, familiako kideak elkartu egiten dira eguneko otordu nagusia batera egiteko. Hil bakoitzeko hogeita batgarren egunean berriz, Andre Mariari eskainitakoa, auzokoen etxean bazkaltzen dute. Hil bakoitzean auzotar bati tokatzen zaio bizilagunak etxean hartzea.Otorduaren ondoren, elkarrekin joaten dira denak elizara, errezatzera.

Iparraldeko nekazariak elizara bidean

Eguzkia irteten denean hasten da eguna Etiopian, eta erlojua ere orduantxe jartzen dute martxan, gure goizeko seietan. Hamabiak dira orduan. Gure zortzietan euren ordu biak dira, eta gure arratsaldeko seietan, euren hamabiak. Dendaren bat noiz itxiko duten edo autobusa noiz irtengo den galdetzerakoan, komeni da argitzea erantzunean etiopiar ordutegia edo mendebaldarra darabilten.

Alfabeto ulertezina

Nabarmena da hizkuntza eta idazkera propioari eusteko ahalegina ere. 83 hizkuntza badiren arren, herrialde mailako hizkuntza administratiboa amharera da. Ezjakinarentzat txinatar alfabetoa edo arabiera bezain ulergaitza da amhareraren idazkera. Alfabeto erromatarra ere ezagutzen dute askok, baina eurena da toki guztietan lehenetsitakoa. Ghanan adibidez, hori da gertuan dudan aurreko erreferentzia, ia ezinezkoa da fante, twi edo akan hizkuntzetan kartelik aurkitzea. Hemen, kanpotarrei bideratutako zerbitzuetan soilik aurki daiteke ingelesezko esaldirik.

Bahir Dar-ko gizonak

Etiopiarrek badituzte beste ahulgune batzuk, kanpotarrari nekagarria egiten zaion eta aurrerago aipatuko dudan etengabeko diru eskatzea, besteak beste. Baina bisitariarentzat zinez atsegina da, hala bizi izan dut nik behintzat, bidean gurutzatutako jendea bere izateaz harro sumatzea.

Saharako haizearen zain

Saharaz hegoaldeko herrialdeetan ere izan dira kontinentearen iparraldean bezalako erreboltak hasteko ahaleginak. Orain arte, ordea, arrakastarik ez dute lortu. Herrialde arabiarretan jendea kalera bultzatu duten bizi-baldintzak eta ustelkeria egon badaude.

Horrela hasten da Berria egunkarirako egindako erreportajea. (Apirilaren 19an argitaratua). Hemen ikus dezakezu.