Txanpon baten truke…

Addis Abeban baino eskale gutxiago topatu dut hiriburutik irten naizenetan. Landa eremua utzi eta hiriburura aukera bila joaten direnetako askori, argi dago, hobetu baino okertu egiten zaizkiela bizi baldintzak.

Tigray-ko emakumea etxeko atarian

Hiriburutik kanpora irtendakoan, ordea, eskale gutxiago topatu arren, beste inon baino jende gehiago gerturatu zait dirua eskatzera. Gerturatu zaizkidanak ez dira inoren errukia eraginez dirua atera nahian dabiltzanak. Eskolarako, lanerako edo merkaturako bidean azal zuriko farenji bat ikusi, eta lotsa eta erreparorik gabe dirua eskatzen duten eskatzaileak dira. Agurra bera erabiltzen dute, sarritan, horretarako: “Hello, 1 birr?”.

Etiopian egin ditudan hilabeteetan zer pentsatua ugari eman dit jokabide honek. Bertakoek atzerritar zuriekin horrelako jarrera zergatik duten aztertzen hasita, bi arrazoi nagusi datozkit burura: kooperazioa eta turismo arduragabea.

Dorze-ko neskatoa

Etiopia gobernuz kanpoko erakundez josita dago. Hiri guztietan eta herri handi gehienetan ikus daiteke Europako edo AEBko agentziaren baten bulegoa. Errepidean berriz, etengabe gurutzatzen dira elkarte borondatetsu hauetako auto handiak.

Elkarte horiek egiten duten lana sakon baloratzeko adina datu eta ezagutza ez daukat. Iruditzen zait batzuek lan polita eta beharrezkoa egiten dutela, eta beste batzuek lortzen duten bakarra diru emaile aberatsen kontzientziak lasaitzea dela.

Dead Aid liburuaren azala

Esku artera berriki iritsi zaidan liburu batek dio erabat kaltegarria dela laguntza oro. Dead Aid da liburuaren izena. Dambisa Moyo ekonomialari eta idazle zambiarra da egilea. Bere tesi nagusia da azken 50 urteetan Afrikara bideratu diren milaka milioiek ez dutela pobrezia handitu baizik egin. Herrialdeek laguntzarekiko menpekotasuna garatzen dutela dio Moyok, gobernuen ustelkeria areagotu egiten duela debaldeko diruak, eta espiral horretatik irtetea zaila dela oso. Emandako laguntzek pobretu egin dutela, alegia, lehenagotik nahikoa pobretuta zegoen kontinentea. Laguntzari muzin egin eta eurek diseinatutako bidea jarraitu duten herrialdeen ereduak goraipatzen ditu egileak, egoera hobean daudela erakutsiz. Ez dut oraindik liburua irakurri, baina itxura polita du.

Turismoa da diru eskatzaileak hain ugari izatearen beste arrazoia. Etiopiara bisitari asko gerturatzen da. Antzinako kulturen erakusle diren gaztelu eta elizak ikustera etortzen dira asko, eta ohitura zaharrei eusten dieten tribuak ezagutzera beste batzuk.

Konturatu naiz turismoaren bueltan sortzen diren hartu-eman gehienetan ez duela giza harremanak apenas garrantzirik. Etortzen direnetako askok argazkiak ateratzea nahi dute, soilik.

Turistak Omo bailaran (Argazkia: Jean Sébastien Mora)

Tribu berezia bera ikustea eta haren ohiturak ezagutzea baino, argazki koloretsu eta ikusgarria ateratzea dute helburu. Momentua betikotzea, eta etxekoei zein lagunei halako tokitan izan direla erakustea.

Bertakoek, berriz, argazki horren trukean jasoko duten dirua nahi dute. Besterik ez. Argazkilariaren inguruan inongo kuriositaterik ez dutela esango nuke. Ohituta daude 4X4 dotoreetan Addis Abebatik bidaltzen diren turista paketeak jasotzen. Herrixkara iritsi, argazki batzuk atera eta hurrengo herrira joaten dira, zerbaitetan desberdina den tribu bati, antzeko parajean, erretratuak ateratzera. Auto dotorea eta uzten duten dirua dira bisitariak bertakoei erakusten dieten bakarra. Aurrerako geratzen den erreferentzia bakarra, ondorioz, horixe da.

Nekagarriak egin zaizkit egun asko. Nekagarriak eta mingarriak. Pena sentitu dut batzuetan, jendea dirua eskatzera hain erraz makurtzeagatik. Lanera edo eskolara doanak bere bidea utzi eta bisitariari eskua luzatzeak zerbait ez dabilela ongi erakusten baitu. Beste hainbeste gertatzen da merkatuan artoa edo kafea saltzen ari denak, saltzeko duen generoa eskaini ordez, dirua eskatzen duenean. Erosiko nioke ba kafea, gustura!

Shire-ko ume jostariak

Haserrea sentitu dut beste askotan. Hankadun txanpon bezala ikusi dudalako neure burua, eta gogaitu egin nautelako eskatzaile desatseginek. Eskean datorrena umea denean konponbidea erraza da: jolasean hastea. Txantxetan hastearekin batera ahazten zaio umeari, eta ondorioz norberari, dirua edo boligrafoa eskatuz gerturatu dela. Eskatzailea heldua denean, ordea, kosta egiten da egoerari buelta ematea. Ez da erraza hortik haratago pertsona horrekin harremanik garatzea.  Egunen joanean zeure baitan ixten zara, eta errazago egiten duzu bertakoez paso.

Birplanteatu beharreko kontuak iruditzen zaizkit biak, kooperazioa eta turismoa. Kanpotarrok arduratsuago jokatu behar genuke bi alorretan, ziurrenik. Baina, batez ere, bertakoek erabaki behar dute nahi dutena zer den. Laguntza zein puntutaraino behar duten, turismoari noraino eta nola zabaldu nahi dizkioten etxeko ateak, horrek etxekoen bizimodua nola erasaten duen… Askok ume bezala tratatu arren, eta gozokiak errazago lortzeko, tarteka, berak ere ume gisa jokatu arren, Afrika ez baita umea.